Amasa-Villabonako Udalak, Euskal Autonomia Erkidegoko, Nafarroako eta Iparraldeko beste udal, erakunde eta entitate batzuekin batera, Bertan proiektuan parte hartzen du. Proiektu horrek landa-eremuetako biztanleriaren zahartze progresiboaren erronkei eta hirigune nagusietatik urrun dauden landa-eremuetan zerbitzu publikoak eskuratzeko dauden zailtasunei heltzen die. Ekimen honek parte hartzen duten lurraldeen artean ezagutzak eta esperientziak trukatzeko foroak sortzea barne hartzen du, eta, beraz, aukera paregabea da Amasa edota Legarretako gure landa-inguruneko errealitateari nola aurre egin ikasteko.
Beatriz Unzue alkateak eta Xabat Laborde alkateordeak atzo Irurzunen (Nafarroa) egin zen foroan parte hartu zuten, Eusko Jaurlaritzako, Nafarroako Gobernuko, Iparraldeko Mankomunitateko eta Orozko, Urduña eta Arbizuko udaletako ordezkariekin batera; izan ere udalerri hauek, Amasa-Villabonarekin batera, landa-eremuan gizarte-interbentzioko proiektu aitzindari honetan parte hartzen dute, baserrietan bizi diren pertsonen bizi-baldintzak hobetzeko. Eremu hauetan bizi diren pertsonen portzentaia handi batek adin nagusia du eta oinarrizko zerbitzuetara heltzeko arazoak dituzte.
Bere hitzaldian, Beatriz Unzuek Amasa-Villabonako Udalak orain arte emandako pausoak azaldu zituen: "Programa informatiko baten bidez, baserri bakoitza Amasa-Villabonako mapan kokatzeko lehen diagnostikoa egin dugu. Tresna honen bidez, baserri bakoitzean bizi diren pertsonen datuak kontsulta ditzakegu. Beraz, badugu lehen oinarrizko informazioa lanean hasi ahal izateko ". Halaber, honako hau azaldu zuen: "gure adinekoekin beren etxebizitzetan harremanak dituzten kanpoko agenteak identifikatzen lan egin dugu. Adibidez, postaria, okina, ondoko baserriko bizilagun gaztea, etab. Agente horien lana izango da adinekoekin zuzeneko harremanetan egotea eta esku-hartzeren bat eskatzen duen egoera bereziren bat identifikatzen badute, gure gizarte-zerbitzuei jakinaraztea. Esan beharra dago hori guztia oraindik ezin izan dugula martxan jarri, bizi dugun pandemia-egoera honen ondorioz ".
Aipatu behar da udaleko Gizarte zerbitzuen saila 2018an hasi zela ekimen honetan parte hartzen, eta egungo udal-gobernuak lanean eta sakontzen jarraitzeko interesa erakutsi duela.
BERTAN proiektua, Europar Batasuneko funtsetatik finantzatzen da, eta lan komunitarioaren eta sektore anitzaren ikuspegia proposatzen du, erronkak diagnostikatuz eta lau lan-ardatzetan konponbideak proposatuz:
- Eskualde barruko/eskualde arteko garraio egokitua, landa-eremuetako adinekoen erabateko gizarte-partaidetza eta zerbitzuetarako sarbidea hobetzeko.
- Bizileku komunitario egokituak, etxe eta bizitegi arloen arteko trantsizioak, landa-eremuetako adinekoen bizi-kalitatea hobetzeko.
- Zaintza komunitarioko formulak, zaintzailearen irudia eta familiako atseden-sistemak hobetzea barne (ordezkapen-zerbitzua).
- Detekzio eta esku-hartze goiztiarreko sistemak, komunitatea mobilizatuz (parte-hartze aktibotik) eta teknologia sozialaren ekarpena barne (GIS).
Amasa-Villabonako udal-gobernua oso pozik agertu da Euskal Herri osoko erakundeekin batera proiektu aitzindari honetan parte hartu ahal izateagatik, eta oso positiboki baloratzen du beste esperientzia batzuetatik ikasteko aukera, aurrerantzean neurri zehatzak hartu ahal izateko Amasamendi, Goiburu, Legarreta eta abarretako landa-eremuetako biztanleei laguntzeko inolako diskriminaziorik izan ez dezaten eta zerbitzuak (publiko zein pribatuak) eskuratzeko aukera izan dezaten.
Hauek dira Amasa-Villabonako udalarekin batera proiektu honetan parte hartzen duten erakundeak:
Sakanako Garapen Agentzia, Agintzari, CIAS, Irurtzungo Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatea, Orozko, Orduña eta Arbizuko udalak, Zabalduz Koop Elk, Communauté d’Agglomération Pays Basque (CAPB), Autonom’Lab, SASOIAK, Syndicat des Mobilités Pays Basque-Adour (SMPBA), Nafarroako Gobernua eta Eusko Jaurlaritza.