Musuko berrerabilgarriak, 6 urtetik gorako ikasleentzat

Amasa-Villabonako udalak musuko berrerabilgarriak banatu ditu herriko hezkuntza zentzuetan, bertako ikasleen artean bantzeko. Ikasle bakoitzari musuko bana emango zaio eta guztira, 1000 musuko inguru banatuko dira ikasleen artean.

Covid-19ari aurre egiteko garrantzitsua da musukoaren erabilera, beraz, Amasa-Villabonako udalak musuko berrerabilgarriak banatu ditu 6 urtetik gorako herriko ikasleen artean, eta bide batez, ikasleen familiei laguntza xume bat eskaini. Era berean, udaleko langileen artean ere banatu ditu musukoak.
 
“Berpiztu Amasa-Villabona”
Musukoek “Berpiztu Amasa-Villabona” leloa dute albo batean, gure herriaren eta bertan bizi garenon bizi-gogoa hauspotu nahi duen lelo baikorra.
 
Ingurumenarekiko konpromisoa
Pandemia garaian ere, ingurumena eta natura babesten jarraitu nahi du udalak, beraz, banatutako musukoak berrerabilgarriak dira, garbitu eta berriro ere erabilera eman ahal zaienak. Erabilera bakarreko musukoek, errefusera bideratzen den hondakin kopuru handia sortzen ari dira eta hori neurri batean murriztea ere bada udalaren ekimen honen helburuetako bat. 
 
Udalaren eta hezkuntza komunitatearen arteko elkarlana 
Amasa-Villabonako udala jakitun da herriko ikastetxeentzat ikasturte berezi eta korapilatsu honen hasierari aurre egiteak suposatu duen esfortzuaz; ezarritako protokolo guztiak aplikatu beharra, beharrezko langileen eta pertsonalaren gabezia... beraz, beste behin, udalak laguntzen jarraitzeko eta beharrei elkarlanean aurre egiteko prestutasuna helarazi die herriko ikastetxeei.


AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!