Udalak Vicente Ameztoy-ren artelan bat eskuratu du

Amasa-Villabonako udaleko Kultura sailaren ekimenez, udalak Vicente Ameztoy artista billabonatarraren artelan bat eskuratu du eta udaletxeko Batzar aretoan ezarri du, aurrerantzean bertan ikusgai egon dadin. 

Aurten Bilboko Arte Ederretako museoan Vicente Ameztoy-ri eskainitako erakusketa entzutetsua izan da eta udal ordezkariak ere bertan izan ziren. Aipatzekoa da Kultura sailak autobusa eta bisita gidatua antolatu zituela aipatutako erakusketarako. Kultura sailak, Amasa-Villabonako udalak ziurrenik gure herriko artista ezagunena den Ameztoy-ren artelan baten jabe izateko aukera aztertu zuen eta Virginia Ameztoy-rekin harremanetan jarri zen. Harreman horrek fruituak eman zituen eta udalak Vicente Ameztoy-ren paper gaineko grabatu bat erostea erabaki du.   
 
Artelanak ez du izenbururik (Ameztoy-ren artelan ia denek bezalaxe) eta Baroja Collet-ek egindako krema koloreko paper gaineko grabatu bat da. grabatu bat da. Grabatu honek, hain zuzen, artistaren koadro baten detaile bat irudikatzen du; Vicentek 1974an plantxa bat egin zuen, aipatutako detailearen irudiarekin, eta orain, Bilboko Arte Ederretako Museoko erakusketa izan dela aprobetxatuz, familiak grabatu horren 50 kopiako edizio bat egiteko eskatu dio aipatutako Baroja-Collet-i, zenbaki erromatarretan numeratutako beste sorta txiki batez gain.
 
Udalak 500 euroko inbertsioa egin du artelanaren jabetza eskuratzeko eta Virginia Ameztoy berak egin du artelanaren entrega, ziurtagiri ofizialarekin batera. Udal Gobernuak ekimen hau babesten du, kulturan inbertitzea etorkizunean inbertitzea dela iritziz eta udala, alegia, Amasa-Villabonako herria, Ameztoy-ren artelan baten jabe izatea albiste positiboa eta pozgarria dela baloratzen duelako. 




AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!