2021rako Ordenantza Fiskalak onartu ditu udalbatzak

Astearte arratsaldean izandako udalbatzaren osoko bilkuran, udal gobernuak aurkeztu eta udal gobernuak proposatutako 2021rako Ordenantza Fiskalak onartu ziren aldeko 7 bozkarekin (EH Bildu) eta 5 abstentziorekin (EAJ-PNV eta PSE).

Zerga eta tasa guztiak izoztuta (igoerarik gabe), hondakinen bilketaren tasa izan ezik
 
Udalak tasa, zerga eta udal zerbitzuengatik ordaindu beharreko kuota ia guztiak bere horretan igoerarik gabe mantenduko ditu, igoera izango duen tasa bakarra hondakinen bilketa eta tratamenduarengatik ordaintzen dena izango da. Tasa hau %5ean igoko da.
 
Udal gobernuak igoera hau justifikatuta dagoela baloratu du; hondakinak bildu eta kudeatzen dituen Tolosaldeko Mankomunitateari udalak ordaindu beharrekoa asko handitu delako (aurreikusitakoa baino gutxienez 50.000 euro gehiago ordaindu beharko ditu udalak 2020an), gaikako bilketaren portzentaiak jaitsi izanagatik (urtarriletik uztailera %6ko jeitsiera izan du) udalak hondakinen kudeaketarako diru gehiago ordaindu behar izan duelako, urte luzez izoztuta egon den tasa bat delako eta alboko udalerrietan hondakinen bilketagatik herritarrek ordaintzen dutenarekin konparatuz, Amasa-Villabonan ordaintzen dena oso kopuru baxua delako. Adibidez, Amasa-Villabonako herritarrek tasa honi dagokionez urtean 89,36 euro ordaintzen dituzten bitartean, Tolosan 129,80 euro, Asteasun 132,96 euro, Ibarran 137,36 euro edota Zizurkilen 145,40 euro ordaintzen dira.
 
%5eko igoera honek, herritarrek tasa honegatik ordaindu beharreko kopurua 1,12 eurotan igoko du hiruhileko (22,34tik 23,46ra) eta beraz, 2021. urtean herritarrek 2020an baino 4,48 euro gehiago ordaindu beharko dute (89,36tik, 93,84ra)
 
Udal gobernuak aitortu du neurri hau momentu honetan hartzea ez dela erraza eta popularra, baina gobernuak udaleko kontuen orekarekin beti arduraz jokatu behar dela argudiatu du eta hondakinen bilketarekin diru-sarreren eta ordaindu beharrekoaren arteko desoreka handiegia bilakatzen ari zela azaldu du. Era berean, gobernu taldeak zerbitzu honek defizitarioa izan behar duela aitortuta ere, udaleko ekonomian eta aurrekontuetan pisu handiegia hartzen ari zela baloratu du "jendearentzat esfortzu txiki bat izango da eta udal ekonomiarentzat oxigenoa ekarriko du, udalak bere zerbitzu guztiak ematen jarraitu ahal izan dezan".  
 
EAJ-PNV eta PSE alderdietako ordezkariek Ordenantza Fiskal hauek ez babestea eta abstentziora jotzea erabaki zuten, hondakinen bilketako tasa igotzea ez dela egokia argudiatuta.
 
Hobari guztiak mantendu dira
 
2020an udal gobernuak martxan jarritako eta aurretik jasota zeuden hobari guztiak mantendu dira eta dokumentu honetan kontsultatu daitezke: ZERGA ETA TASEN HOBARIEN ZERRENDA


AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!