Beatriz Unzue alkatearen mezua, Covid-19aren osasun larrialdiaren inguruan

Amasa-Villabonako alkatea kezkatuta agertzen da azken asteetan Covid-19ak gure herrian izan duen zabalkundea dela eta. Bideo honetan erakunde publiko nagusiek ezarritako segurtasun eta prebentzio neurriak txukun betetzeko eskaera egiten die herritarrei.

Alkateak onartzen du garai gogorrak direla, denok maite baitugu lagun-artean ibiltzea, kuadrillan bazkaltzera edo afaltzera joatea, tabernetatik buelta bat ematea, elkar besarkatzea... Baina oraingoan esfortzu handi bat egitea tokatzen dela eta prebentzio neurriak betetzea benetan garrantzitsua dela azpimarratu du.
 
Azkenik, ezarritako neurrien ondorioak sufritzen ari direnak aipatu nahi izan ditu Unzuek: "Tabernariak, zerbitzariak, hornitzaileak, banatzaileak, sukaldariak... egun batetik bestera, ogibidea geldiarazi zaie, eta ez dakite etorkizunean zer etorriko zaien". Sektore hauetako langileentzat laguntza publiko duin eta azkarrak eskatu ditu eta Amasa-Villabonako udala "ondoan eta laguntzeko prest" izango dutela adierazi du. 



AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!