Covid-19aren pandemia honetan bizi dugun egoeraren ondorioz, jende pilaketak ekidin behar dira eta horregatik deialdi jendetsuak egitea eta pasa den urtean bezala herriko ikastetxeetako ikasleekin kalejira egitea ezinezkoa izango da. Hala ere, Amasa-Villabonako Udalak egitarau zabala antolatzea erabaki du, beti ere prebentzio neurri guztiak betez.
Udalak antolatutako egitaraua
- Azaroak 24 asteartea, 18:30ean Subijana etxeko aretoan: Etxeko enplegua, diskriminazioa eta generoa hitzaldia, Tatiana Bellorin eta Gerardo Carrere Errenteriako SOS Arrazakeriako kideen eskutik.
- Azaroak 25 asteazkena, 12:00etan Villabonako udaletxean: Indarkeria matxistaren kontra egindako matazak zintzilikatuko dira udaletxeko balkoietan eta Beatriz Unzue alkateak manifestu bat irakurriko du. Ekimen honetarako, Amasa-Villabonan bizi diren jatorri ezberdinetako emakumeak gonbidatu dira.
- Azaroak 27 ostirala, 18:30ean Subijana etxeko aretoan: Tratu ona ematea: Duintasun eta eskubide kontua hitzaldia eta elkarrizketa, Maria Jesus Goikoetxea psikologoa, teologoa eta Deustuko unibertsitateko irakaslearen eskutik.
Amasa-Villabonako Udalak ekimen horietara gerturatzeko gonbidapena egiten die herritarrei.
Aiztondoko Mugimentu Feministaren deialdia
Indarkeria matxistaren aurkako egunean Aiztondoko Mugimendu Feministak mobilizazioa antolatu du Indarkeria matxistaren aurrean, autodefentsa saretu lemapean. Udalak bat egiten du deialdiarekin eta parte-hartzeko deia egiten die herritarrei.
- Azaroak 25 asteazkena, 19:00etan elkarretaratzea Zubimusu zubian.