Amasa-Villabonako Udalak inbertsio berria gauzatu du Olaederra Kiroldegiko kantxan zeuden hainbat arazori aurre egiteko. Izan ere, orain arte kantxako harmailetako larrialdi irteerek dituzten ezaugarriak kontuan izanik, instalakuntzaren ebakuazio planak harmailen edukiera 160 pertsonara murriztu zuen, nahiz eta bertan ia 500 eserleku egon. Egoera horrek, Kiroldegiko kantxan egin daitezkeen ekitaldi edo emanaldietarako muga handia suposatzen zuen. Inbertsioak arazoari irtenbidea eman dio eta hemendik aurrera, harmailak bere osotasunean erabili ahal izango dira.
Guztira 12.995,40 euroko (BEZ barne) inbertsioa egin du udalak eskailerak diseinatu eta erosteko eta beste 1.120,46 euro (BEZ barne) bideratu ditu orain arte harmailetan zeuden barandilen egokitzapena egiteko. Eskailerak Hobby Kirolak S.L. enpresak diseinatu eta ezarri ditu. Hortaz, orotara 14.115,86 euroko inbertsioa egin da.
Ikusleen ebakuaziorako lau eskailera berri
Inbertsio horren bidez udalak lau eskailera erosi eta ezarri ditu, harmailak eta kantxa konektatuz. Horrela, ikusleek harmailetatik kantxara jaisteko aukera izango dute, kantxan aurkitzen diren larrialdi irteeretara heldu ahal izateko.
Eskaileren azalpen teknikoa: Hormigoizko harmaila aurrealdetik husteko neurrira egindako eskailera-unitatea. Zortzi altuerako eskailerak (sei maila gehi deskansiloa). Profil angeluzuzenean eginak 100x60x2mm, tramex-mailak, hodi karratuko baranda sinplea, profil angeluarreko gidak hegalkin-sabaian, lurzorura finkatzeko pasagailuak, akabera inprimazio sintetikoan. Publikoa ebakuatzeko orientazioa albokoa izango da, eta sistema osoa jasota geratuko da harmaila azpiko zuloan erabiltzen ez denean.