Udalbatzak Saharar herriaren aldeko Adierazpena onartu du

Pasa de azaroaren 24an izandako osoko bilkuran, Amasa-Villabonako Udalbatzak Frente Polisarioak Euskadin duen delegazioak eta Sahara-Euskadi Mugimenduak aurkeztutako Adierazpena onartu zuen aldeko 11 botorekin (EH Bildu eta EAJ-PNV) eta aurkako bakarrarekin (PSE-EE).

Adierazpen honen bidez, besteak beste, Udalbatzak elkartasuna adierazten dio Saharar herriaren borrokari eta autodeterminazio erreferenduma egitea defendatzen du.
 
PSE-ko ordezkariak Adierazpenaren kontra bozkatu zuen, Udalbatza hau beste herrialdeetako gatazketan ez dela sartu behar eta Frente Polisarioa ez duela babesten argudiatuz. EH Bilduko bozeramaileak gatazka horretan ekidistantzia mantentzea ulertezina dela leporatu zion, "gatazka honetan Maroko potentzia zapaltzailea, kolonizatzailea eta hiltzailea delako, eta Sahara berriz herri zapaldua, kolonizaztua, bere lurretatik indarrez bidalia, errefuxiatu kanpamenduetan desertuan bizitzera kondenatua eta eskubide urraketen biktima baita".
 
Honakoa da Udalbatzak onartutako Adierazpen Instituzionala:
 
ADIERAZPEN INSTITUZIONALA
MENDEBALDEKO SAHARAKO SU-ETENAREN AMAIERAREN AURREAN
 
2020ko azaroaren 13an, Marokoko Indar Armatuek nahita urratu zuten 1991tik indarrean dagoen Marokoko Erresumaren eta Fronte Polisarioaren arteko Su Eten Akordioa.
 
Marokoko Erresumak Guerguerateko legez kanpoko pasabidera indar militarrak bidali zituen, duela lau astetik eremu horretan manifestazioak egiten ari ziren saharar herritarrak erreprimitzera.
 
Marokok 2001ean ireki zuen pasabide hori, Nazioarteko Zuzenbidea urratuz. Nazio Batuen Bake Akordioak (1988) eta Marokoren eta Fronte Polisarioaren arteko akordio militarrek Marokoko harresi militarrean pasabideak irekitzea debekatzen dute.
 
Indar marokoarren erasoaldiak eta Fronte Polisarioak saharar populazio zibilaren defentsan emandako erantzun legitimoak harresian zehar hainbat liskar eragin ditu. Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoko Presidenteak, adierazpen baten bitartez amaitutzat eman du Fronte Polisarioak eta Marokoko Erresumak 1991n sinatutako su-eten konpromisoa.
 
Gertakari horien aurrean Amasa-Villabonako Udalak, Sahara Euskadi Mugimenduarekin eta Euskadiko Fronte Polisarioaren Ordezkaritzarekin batera:
 
  • BERRESTEN DUGU zalantzarik gabeko elkartasuna diogula saharar herriaren eta haren legezko ordezkari Fronte Polisarioaren borrokari.
  • Marokoko Erresumari EGOZTEN DIOGU 1991n Su-Etena apurtu izana, eta sortu den eta Magrebeko eskualde osora zabal daitekeen ezegonkortasunaren erantzunkizuna.
  • MINURSOri eta Nazio Batuei eremuan segurtasuna eta sahararren giza eskubideen zaintza berma dezatela ESKATZEN DIEGU; eta, besterik gabe, autodeterminazio-erreferendumaren bidez, Mendebaldeko Saharako gatazkaren konponbide bidezkoa eta behin betikoa susta dezatela.
  • Gurutze Gorriaren Nazioarteko Batzordeari Mendebaldeko Saharan gertatzen den guztiarengatik dituen erantzukizunak bere gain har ditzala ESKATZEN DIOGU; izan ere, Lurralde Ez-autonomoa da, Marokok legez kanpo okupatua, NBEren agindupean, eta gatazkan dauden bi aldeak Genevako Hitzarmenaren sinatzaileak dira.
  • Espainiako gobernuari Mendebaldeko Sahara“de iure” administratzen duen potentzia gisa duen erantzukizuna bere gain har dezala EXIJITZEN DIOGU;eta horren arabera joka dezala, autodeterminazio-erreferendumaren antolaketan eta Saharako biztanleria zibilaren babesean parte aktiboa izanik 
  • Sahara Euskadi Mugimenduak Fronte Polisarioaren Ordezkaritzarekin batera Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoa babesteko deitzen dituen mobilizazioetan parte hartzera GONBIDATZEN ditugu euskal herritarrak.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!