Egoera horretan, udal gobernuak lehentasunak ezartzera behartuta ikusi du bere burua eta azken hilabeteetan Covid-19aren krisiaren ondorioz kaltetuak izan diren herritarrak eta sektore ekonomikoak laguntzeari eman zaio lehentasun osoa. Beraz, ezusteko eta aurreikusi gabeko inbertsio eta gastu ugari izan direnez, udal gobernuak ezinbestekoak eta lehentasunezkoak ez diren gastuak murriztu behar izan ditu, horien artean gabonetako argiak jartzera bideratzen den gastua dagoelarik.
%60,8ko murrizketa
2019. urtean guztira 20.370,25 euro erabili ziren gabonetako argiak jartzeko, gastu hori Udalak eta Oria Merkatarien elkartearen artean banatu zelarik Uudalak 13.996,68 euro eta Oria elkarteak beste 6.373,57 euro). 2020an ordea, guztira 7.986 euro bideratuko dira gabonetako argiak jartzera, 2019an baino %60,8 gutxiago. Aurtengoan gastu osoa Udalak hartuko du bere gain, Oria Merkatarien elkartearekin horrela adostu baitzen, modu horretan merkatarien elkarteak baliabide ekonomiko gehiago izango ditu herriko merkataritzaren aldeko bere jarduera garatzeko.
Ondorioz, normala den bezala, aurtengo gabonetan argi gutxiago jarriko dira herriko kaleetan eta Udalak argi horiek zenbait gunetan ezartzea lehenetsi du: Kale Nagusian, Kale Berrian, Santio kalean, Txistulari plazan, kiroldegi inguruan eta Larrea zein Errota auzoetako aurrealdean (errepidearen ondoko pasealekuetan). Eremu horietan kokatzen dira herriko merkataritza establezimendu gehienak eta horregatik aukeratu da argiak bertan jartzea.
Piztuera ekitaldi publikorik ez
Oria Merkatarien elkarteak eta Udalak, aurtengoan piztuera ekitaldi ofizialik ez egitea erabaki dute. Azken urteetan argien piztuera ekitaldia egin izan da Berdura plazan, baina aurten bizi dugun egoera dela mezio, bertan behera uztea erabaki da, adostasunez.
Argiak abenduaren 18an piztuko dira
Aipatutakoaz gain, gabonetako argiak lehen aldiz abenduaren 18an piztea erabaki du udal gobernuak. Argi guztiak kontsumo gutxiko LED-ak izango dira, energia elektrikoaren erabilera eraginkorra bermatuko delarik. Gainera, argi gehienak gaueko 00:00etan itzaliko dira, energiaren erabilera arduratsua eginez.