Amasa-Villabonako udal gobernuak 2021. urterako aurrekontu proposamena osatu du eta aste honetan udal batzorde informatiboetan aurkeztuko die udalean ordezkaritza duten gainerako alderdi politikoei. Udal gobernutik jakinarazi dute 2021eko udal aurrekontua urtarrileko udalbatzan ofizialki onartzea dela helburua eta aurrekontu proposamen osoa ikusgai egongo dela villabona.eus webgunean. Bestalde, urtea amaitu aurretik udal gobernuak aurrekontu proposamena herriko eragileei zuzenean helaraziko die, eragile hauen proposamenak eta ekarpenak jasotzeko asmoz.
Mailegu bat eskatuta, 2020ko aurrekontu berbera izango luke udalak
Udal gobernuak 2021. urtean zehar azken urteetan izandako gastu maila mantentzeko helburua izango lukeen mailegu bat eskatzea proposatzen du. Hasiera batean mailegu hori 400.000 euro ingurukoa izan daitekeela aurrikusten da eta horrekin, udaleko sailetara bideratutako aurrekontuetan murrizketarik ez egitea lortuko litzateke, Gipuzkoako Foru Aldunditik jasoko den
ekarpen ekonomikoaren (Foru Funtsaren) beherakada konpentsatuz. Modu horretan, ez-ohiko zorpetze horren bidez, 2021eko hasierako udal aurrekontua 2020koaren berbera izatea lortuko litzateke, 6.857.326 eurokoa.
GASTU ARRUNTA
Pertsonal gastua bere horretan mantenduko da eta udal zerbitzuen gastu orokorra %5,5 igoko da
Udal langileen soldatak ordaintzera bideratuko den dirua 2.425.039 eurokoa izango da, 2020tik %0,1a murriztuko delarik (3.000 euro gutxiago). Udal zerbitzu orokorren aurrekontua 2.653.000 eurokoa izango da eta 2020. urtean baino 139.608 euro gehiago. HORIEk dira udal aurrekontuaren zatirik garrantzitsuenak, bien artean aurrekontu osoaren %74a osatzen baitute.
Igoera esanguratsuak Gizarte Zerbitzuetan, Kulturan, Ingurumenean, Hezkuntzan eta Zerbitzu Orokorretan
Covid-19aren osasun krisialditik eratorritako krisi ekonomiko eta sozialak, 2021a urte zaila izatea eragingo du eta udal gobernuak Gizarte Zerbitzuen saila indartzea proposatzen du. Sail horretako aurrekontu osoa 586.900 eurokoa izango da, 2020ko aurrekontuarekin alderatuta %7,36ko igoera izango duelarik. Aipatzekoa da 2019. urtetik %38,36an igoko dela sailaren aurrekontua, egungo udal gobernuak Amasa-Villabonan bizi diren pertsona guztien eskubideak eta oinarrizko beharrak asetzeko egiten duen apustu sendoaren erakusle garbia. Gizarte Larrialdietarako Laguntzara bideratuko den aurrekontua %32an igoko da eta Covid-19arekin lotutako egoerei erantzuteko ez-ohiko laguntzen lerro berri bat sortuko da, 18.000 eurorekin hornitua. Aurten
sortutako Amasa-Villabonako Elkartasun Sarerentzat 4.000 euroko dirulaguntza berria ere jasotzen du aurrekontu proposamenak. Bestalde, genero berdintasuna sustatzeko eta udal politika feminista eraginkorra garatzeko 20.000 euroko diru funtsa izango du udalak 2021. urterako.
Kultura sailari dagokionez, 2021eko aurrekontua 594.095 eurokoa izango da, 2020ko aurrekontua %4,63an igoko delarik. Urteko ohiko kultur ekintzetarako bideratzen den diru partida %9,38an igoko da. Horrekin, Kultura sektorea (kultur sortzaileak, teknikariak...) Covid-19aren eraginez pairatzen ari den krisialdiari erantzun bat ematea da udal gobernuaren helburua. Horrekin batera, herriko kultur elkarteek jasotzen dituzten dirulaguntzak mantentzea proposatzen da. Berrikuntza nagusi gisa, Gurea zinemaren 75. urteurrena baliatuz erakusketa berezi bat osatzea aurreikusten da eta bestalde, Amasa-Villabonak 'Geuretik Sortuak' egitasmoan parte hartuko du Euskal Herriko beste 25-30 udalerrirekin batera, euskaraz sortutako antzerkigintza, literatura eta zinemagintza bultzatzeko.
Ingurumen sailak ere aurrekontuaren hazkunde azpimarragarria izango du, aurrekontua %15,55ean igoko delarik. Guztira sail horrek 531.600 euroko aurrekontua izango du eta proposatzen den igoerak neurri handi batean 2021erako aurreikusten den hondakinen kudeaketaren garestitzeari erantzuten dio. Hala ere, diru partida berriak ere sortuko dira, herriko naturguneetan dauden hainbat beharrei erantzuteko, besteak beste, errekak garbitzeko (6.000€), Amasamendiko mantenu lanak egiteko, (8.000€) edo larre komunaletarako (10.000€).
Hezkuntzara bideratuko den aurrekontuak ere igoera esanguratsua izango du, 2020arekin alderatuta, %21,34ko igoera izango duelarik. Guztira, udalak 244.703 euro bideratuko ditu hezkuntzara. Igoeraren arrazoi nagusia, Covid-19aren ondorioz hezkuntza publikoaren eraikinetan egin beharreko desinfekzio eta garbiketa lan sakonak egiteko sortu behar izan den diru-funtsa da. Guztira 33.027 euro gehiago bideratuko dira 2021ean Covid-19aren kontrako prebentzio gisa egin beharreko garbiketetara. Bestalde, berrikuntza gisa, udalaren eta hezkuntza arloko Oinherri elkartearen arteko lankidetza hitzarmen berria aipatu beharko litzateke.
Zerbitzu orokorrek ere aurrekontuaren igoera izango lukete, udal gobernuak osatutako proposamenaren arabera. Guztira zerbitzu horiek 304.600 euroko aurrekontua izango lukete, 2020an baino %10,97 gehiago. Aipatzekoa da administrazioaren digitalizaziorako egitasmo bat jarriko dela martxan, gehienbat herritarrek udalarekin duten harremana errazteko helburua duena. Bestalde, telefono, mezulari eta telegrama gastuak murriztuko dira.
Murrizketak udal gobernuaren eta udaltzaingoaren gastuetan
Udal gobernuak, bigarren urtez jarraian, bere gastuak murriztuko ditu 2021ean. Orotara %10,5ean murriztuko da udal gobernuak edo alkatetzak egingo dituen gastu arruntak. Aipatzekoa da dagoeneko 2020an %25,9ko murrizketa egin zela arlo horretan. Komunikazioan, aholkularitzan, dietetan eta protokolo gastuetan egon dira azken bi urteetako diru aurrezpenik aipagarrienak. Kontutan hartu behar alkatetzako soldaten gastuak ez direla hemen kokatzen, bestela, murrizketa askoz ere handiagoa litzateke.
Udaltzaingoari dagokionez, %11,23ko gastu murrizketa jasotzen du aurrekontu proposamenak. 2020an egindako gastuak kontutan hartu dira eta 2021erako aurrekontua findu egin da, normalean erabiltzen ez den dirua ezabatuz.
Gastua mantenduko da Hirigintza eta zerbitzuetan, Euskaran, Kirolean eta Gazterian
Hirigintza sailak 646.803 euroko aurrekontua izango luke 2021ean, aurreko urtean baino %0,21 gehiago. Beraz, sail garrantzitsu horrek ia pasa den urteko aurrekontu bera izango du. Sail horretako gastu arrunt ia osoa, argindar, erregai, mantenu eta konponketa gastuetara bideratzen da eta aurtengorako udal gobernuak ez du aldaketa esanguratsurik proposatu.
Euskara sailak 124.161 euroko aurrekontua izango luke, pasa den urtean baino %3,8 gutxiago. Murrizketa txiki horrek azalpen sinplea du, 2020an udalak diruz lagundu zituen Kilometroak eta Euskaraldia bezalako egitasmoak izan ziren eta 2021ean ez da horrelakorik izango. Orokorrean, sail horretako ohiko gastu arruntak eta dirulaguntzak (euskarazko komunikabideak, euskara ikasteko laguntzak, errotuluak eta web orriak euskaraz jartzeko laguntzak etab.) mantendu egingo dira eta lehen aldiz Tolosaldeko Galtzaundi euskara elkartearekin hitzarmena sinatu eta 9.000 euroko dirulaguntza ematea aurreikusten da. Bestalde, Euskaran Ados! mahai parte-hartzaileak 3.350 euroko diru-partida berri bat izango du bertan erabakitzen diren ekimenak garatu ahal izateko.
Kiroletara bideratutako gastu arrunta ere mantendu egingo da, aurrekontu osoa soilik %0,41ean haziko baita. Guztira 218.426 euroko aurrekontua izango da. Aipatzekoa da 2021ean dirulaguntza berriak izango direla bi kirol elkarte berrirentzat: Aiztondoko Danena Txirrindulari elkartea (1.800€) eta Amasa-Villabonako Triatloi elkartea (2.500€). Bestalde, 2021ean Behar Zana pilota elkartean bere 75. urteurrena ospatuko du eta udalak 7.000 euroko dirulaguntza bideratuko du urteurren borobil horren baitan antolatuko diren hainbat ekintza finantzatzeko.
Gazteria saila izango da 2021ean murrizketarik handiena izango duena, aurrekontua %7,36an murriztuko baita 2020koarekin alderatuta. Hala ere murrizketa horrek arrazoi nagusi bakarrari erantzuten dio; 2021ko uztailean Katea Etxea Gaztelekuko kudeaketa eta hezkidetza programaren kontratua amaituko da. Udal gobernuak une hori baliatu nahi du Gaztelekuaren ibilbidean eten bat egiteko eta datozen urteetarako egin beharreko kontratazioa birpentsatzeko. Horrela, etorkizunean Gaztelekuak izan behar lukeen funtzionamendua eta orokorrean herriko gaztetxo eta nerabeei begira garatuko den udal politika osoa aztertu eta hobetzeko dinamika bat jarriko da martxan. Horretarako, herriko gazte eta nerabeen artean garatuko den parte-hartze prozesu sakon bat garatuko litzateke. Gazte eta nerabeen beharrak, kezkak eta ikuspuntuak kontuan hartu nahi dira, etorkizunean adin tarte horretara bideratutako udal baliabideak eta ekimenak birdefinitzeko.
INBERTSIOAK 2021
Amasa-Villabonako Udalak guztira 659.458,12 euro izango ditu 2021. urtean inbertsioak egiteko, 2020an baino %10,9 gutxiago. Kopuru ekonomikoari dagokionez, 2021ean garatuko diren inbertsio aipagarrienak Olaederra kiroldegiko teilatuaren birmoldaketa (165.000€) eta Fleming herri eskolarako obra eta inbertsioak (70.000€) dira.
Hauek dira 2021ko aurrekontuan jasoko diren inbertsioak atalka:
Hirigintza eta zerbitzuak:
- Hirigintza Plan Orokorraren berrikuspena eta Ingurumen Inpaktuaren Ebaluazioa: 50.000€.
- Hirigintza sailerako proiektuen erredakzioak: 35.000€.
- Etxebizitza politika berria: 10.000€.
- Espaloiak eta asfaltatze lanak: 50.000€.
- Amasako oinezko bideko lanak: 10.000€.
- Komun publiko berriak: 40.000€.
- Hiri altzarien erosketa: 10.000€.
- Irisgarritasun planeko ekintzak: 5.000€.
- Malkar plazako parkearen lurra berritzea: 13.000€.
- Gas hornikuntza azpiegiturak Arratzainera: 30.000€.
- Kale Nagusia 38ko konponketak: 1.000€.
- Olaederra kiroldegiko konponketak: 16.000€.
- Kale garbitzaileentzat bi karro berri erostea: 2.500€.
Ingurumena eta mendiak:
- Energia Planeko inbertsioak: 50.000€.
- Agaraitz industriguneko ur zikinak araztegira konektatzeko proiektua: 9.680€.
- Ur zikinak eta euri urak bereizteko obrak: 6.000€.
- Amasamendiko guneen mantenurako tresnak erostea: 2.000€.
Hezkuntza eta kirola:
- Olaederra kiroldegiko teilatuaren birmoldaketa: 165.000€.
- Fleming Herri Eskolarako inbertsio eta obrak: 70.000€.
- Seaska haur eskolako berogailua: 12.000€.
Kultura:
- Gurea zineko konponketak: 25.000€.
- Udal Liburutegia eraberritu eta modernizatzeko azterketa: 15.000€.
- Udal Liburutegirako DVD eta liburu berriak: 11.000€
Besteak:
- Udalbatzak grabatzeko sistemaren 2. fasea ezartzea (bideo-akta): 2.500€.
- Komunikaziorako inbertsioak: 1.500€.
- Informatika inbertsioak: 5.000€.
- Artxiborako altzariak: 2.000€.
- Udal jabetzako tabernetarako etxe tresnak: 1.500€.
- Udal brigadaren kamioiaren Leasing-a: 8.778,12€.