2021eko Udal Aurrekontu proposamenari ekarpenak egiteko aukera

Erabiltzailearen aurpegia Amasa-Villabonako Udala 2020ko abe. 30a, 14:41
Amasa-Villabonako Udal Gobernu taldeak 2021. urterako osatu duen aurrekontu proposamena bere osotasunean zintzilikatu du http://villabona.eus/eu/ webgunean eta azalpen bideo bat ere argitaratu du. Aurrekontu proposamena osatzeko herritarren eta elkarteen ekarpen eta proposamenak biltzeko prozedura jarri da martxan.
Amasa-Villabonako herritarrek, elkarteek edota eragileek proposamenak, kritikak edo ekarpenak egiteko modua izango dute: 
Beatriz Unzue alkateak, proposamenak egiteko gonbidapena luzatu die herritarrei: "Konbentzituta gaude jendearen eta herriko elkarteen proposamenak jasota, udal aurrekontua dezente hobetu ahal izango dugula". Aipatzekoa da alkatetzak zuzenean bidalitako mezu baten bidez jakinarazi diela prozedura hau herriko elkarte eta eragileei. Udal Gobernu taldeak, proposamen guzti-guztiak aztertu, baloratu eta erantzuteko konpromisoa hartu du.

Aurrekontua onartzeko jarraitu den prozedura
Udal Gobernuak, pasa den abenduaren 16an ezagutarazi zien aurrekontu proposamena udalean ordezkaritza duten alderdi politikoei (EAJ-PNV eta PSE-EE) eta oposizioko alderdiek urtarrilaren 4ra arteko epea dute beren zuzenketa proposamenak aurkezteko. Udal Gobernu taldeak urtarrilaren 5ean egingo duen bilkuran aztertuko ditu alderdi politikoen zuzenketak eta ondoren, urtarrilaren 11n bigarren bilkura bat egingo du herritarrek eta elkarteek helarazitako proposamenak aztertzeko. Modu horretan, urtarrilaren 12an behin betiko aurrekontu proposamena zehaztuta edukiko du alkatetzak. Proposamen hori urtarrilaren 19an izango de Udal Ogasuneko Batzordean eztabaidatu eta bozkatuko da lehen aldiz eta ondoren, urtarrilaren 26an izango den Udalbatzaren osoko bilkuran 2021eko Udal Aurrekontuen lehen onarpen ofiziala egitea aurreikusten da.

Gardentasun eredua
Honakoa ez da aurrekontuak onartzeko udal gobernuak nahi lukeen prozedurarik desiragarriena, izan ere, Covid-19aren eraginez aldatu egin da hasierako plangintza. Baina egoera berezi honetan egonik ere, alkatetzak gardentasun ariketa duin bat egin duela baloratu du. Oraindik onartu gabe dagoen proposamena, bere osotasunean (partida ekonomiko guztiekin) argitaratu eta ikusgai jartzea eta gainera herritar guztiei proposamenak egiteko aukera ematea, aurrera urrats garrantzitsua da udalaren jardueraren gardentasunari dagokionean. 
     

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!