Jai Batzordeak Santio jaietako egitaraua ez prestatzea erabaki du

Pasa den asteazkenean egindako bilkuran, Santio Jai Batzordeak ohiko jai egitaraua prestatzeari uko egitea erabaki zuen aho batez. Ondorioz, aurtengoan ere Santio jairik ez dela izango baiezta daiteke dagoeneko.

Erabaki hau hartzea zaila eta mingarria izan bada ere, bizi dugun osasun egoerak ez du ahalbidetzen gure herriko jaiak betiko moduan antolatu eta ospatzea eta erantzukizunez jokatzen jarraitu behar da.
 
Hala ere, pasa den urtean egin zen moduan, uztailean zehar kultur ekintzen egitarau zabal bat antolatzeko urratsak ematea erabaki zen. Gehienbat kalean, aire librean garatuko liratekeen kultur ekintzak antolatzea eta uda garaian kaleko giroa piztea izango da helburua.
 
Horretarako, herritarrek eta elkarteek proposamenak aurkezteko bideak zabaltzea erabaki zuen Jai Batzordeak, kultur egitarau berezi hau modu parte hartzailean erabaki dadin. Proposamenak helarazteko, mezu bat idatzi daiteke kultura@villabona.eus helbidera.
 
Azkenik, Jai Batzordeak biltzen jarraitzeko asmoa du eta apirilean bigarren bilkura bat egitea erabaki zen.


AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!