Udal ordezkariak Aldundiko Kirol saileko arduradunekin bildu dira Olaederra kiroldegiko inbertsioei buruz hitz egiteko

Beatriz Unzue eta Xabat Laborde Amasa-Villabonako alkatea eta alkateordea, Aitziber Murua kirol teknikariarekin batera, Donostiako Gipuzkoako Foru Aldundiko egoitzan izan ziren pasa den astelehen goizean. Bertan, Foru Aldundiko Kirol saileko arduradunekin bildu ziren datozen hilabeteetan udalak Olaederra Kiroldegian egingo dituen inbertsio nagusien inguruan hitz egiteko.

Udal ordezkariek, dagoeneko udalean dauden bi proiketuak eraman zituzten eta Aldundiko ordezkariei eskura eman zizkieten. Udal gobernuaren helburu nagusiak, Olaederra kiroldegiko instalakuntzen egoera hobetzeko Gipuzkoako Foru Aldundiko Kirol sailarekin elkarlana bideratzea eta ezinbestekoak diren lanak gauzatzeko inbertsio ekonomikoa arintzeko Foru Aldundiaren dirulaguntzak lortzea dira.
 
Udalak garrantzi handiko bi inbertsio nagusi egitea aurreikusten ditu kiroldegian:
 
  1. Kiroldegiko teilatuaren eraberritze osoa.
  2. Kirol kantxan lurzoru berria ezartzea.
Dagoeneko Udalak esku artean ditu bi obra garrantzitsu hauek gauzatzeko ezinbestekoak diren exekuzio proiektuak eta ondorioz, egin beharreko lanak eta lan horien aurrekontuak guztiz definituta daude. Kiroldegia ireki zenetik 23 urte igaro dira eta urteen poderioz hainbat instalakuntza eta azpiegitura zaharkituta eta hondatuta daude. Batez ere kirol pista edo kantxaren eremuak eraberritze baten beharra du, momentu honetan teilatuak arazo handiak sortzen dituelako (ura sartzen da, berotegi efektuagatik kantxako tenperatura ezegokia izatea eragiten du, mantenu gastuak gero eta handiagoak dira etab.) eta kirol pistako lurzorua ere hondatuta dagoelako. Beraz, argi geratzen da lehenik eta behin teilatua eraberritu behar dela, ondoren kantxako lurzoru berria ezartzeko (alderantziz egiteak ez luke zentzurik izango). 
 
1. TEILATUAREN ERABERRITZEA
 
Kantxa gainean dagoen teilatuaren egoera sakon aztertu ondoren, Udala teilatu horrek eraberritze oso bat behar zuela ondorioztatu zuen. Egiaztatu da egungo teilatuak sekulako arazoak sortzen dituela eta teilatua bere horretan mantenduz gero, arazo hauek larriagotu egingo liratekeela; teilatuaren zati handiena estaltzen duten metakrilatozko panelak egoera kaskarra dute, panel horietako askoren erabilera-bizia gaindituta dago eta pitzadurak eta apurketak ohikoak dira. Ondorioz, kasu askotan ura sartzen da kantxara eta horrek kantxan kirola normaltasunez praktikatzea oztopatzen du. Bestalde, metakrilatozko panel horiek berotegi efektu nabarmena sortzen dute eta kantxako tenperatura kirolerako ezegokia izaten da askotan. Egoera honek urtero egin beharreko mantenu gastuak oso handiak izatea eragiten du eta urtetik urtera arazoak larriagotzen ari dira (azken hilabeteetan haizeak hainbat panel puskatu eta airean eraman ditu, teilatuan zulo handiak utziz).
 
Beraz, udalak egora honi behin betirako konponbidea eman behar zaiola erabaki zuen eta Donostian kokatuta dagoen DPO ingeniari eta arkitekto taldea kontratatzea erabaki zuen, teilatuaren eraberritze integral baterako proiketu bat osatzeko helburuarekin.
 
Udal gobernuak honako helburuak ezarri zizkion eraberritze proiektuari:
 
  • Ahal balitz egungo egitura metalikoak mantentzea (egitura horiek egoera onean baitaude).
  • Etorkizuneko teilatu berriak kantxako tenperatura edo konford termikoa hobeto bermatzea.
  • Teilatu berriak eguzki panelak ezartzeko aukera ematea.
  • Ahalik eta argi natural gehien izatea (argi artifizialaren erabilera ahal bezain beste murriztuz).
  • Etorkizunean egin beharreko mantenu gastuak ahal bezain beste murriztea.
DPO enpresako teknikariek teilatuaren egoera zorrotz aztertu ondoren, eraberritzerako aukera ezberdinak jarri zituzten mahai gainean eta udal gobernuak horien arteko aukeraketa bat egin zuen aipatutako helburuen betetze-maila kontuan hartuz. Ondorioz, ingeniari eta arkitektoek proiektua erredaktatzeko lanak habiatu zituzten eta 2020ko abenduaren 18an entregatu zuten exekuzio proiketua.
 
Proiektuaren ezaugarri nagusiak:
 
Proiektuak egungo egitura metalikoa errespetatzen du baina metakrilatozko panelak kendu eta gainean estalki berri bat ezarriko litzateke. Estalki berri horrek isolamendu termiko berezi bat izango du, modu horretan kirol kantxako tenperaturak leuntzea lortuko litzatekelarik. Teilatu berriak guztira 36 sabai-lehio izango lituzke eguzki argi naturala sartzen uzteko, gaur egun baino argi natural gutxiago sartuko bada ere, egindako azterketa luminikoaren arabera, argi nahikoa izango da egun argiz kirola normaltasunez praktikatu ahal izateko argi edo foko elektrikorik piztu behar izan gabe. Bestalde, teilatu berriak etorkizunean energia sortzeko eguzki panelak ezartzea ahalbidetuko luke, Udalak ezarritako helburu hori betez. 
 
Etorkizuneko teilatuaren ikuspegiak ikusteko klikatu: Ikuspegia albo batetik / Ikuspegia goitik
 
Aurrekontua: 352.840,20 euro (BEZa barne).
 
Aurrekontu hau, obra esleipenen prozesura ateratzeko dago ezarrita eta beraz, enpresa erakitzaileen eskaintzak jaso ondoren, litekeena da azken aurrekontua nabarmen txikiagoa izatea. 
 
2. KIROL KANTXAREN LURZORUA ALDATZEA
 
Gaur egun Olaederra kiroldegiak duen kirol kantxaren egoera penagarria da; pistako lurra altxa egiten da, hainbat lekutan lurra puskatua dago eta partxeak jarri behar izan dira, teilatutik sartzen den uraren eraginez hainbat puntu oso irristakor daude etab. Guzti honen eraginez, gaur egun ia ezinezkoa da bertan federatuen hainbat kirol proba edo txapelketa egitea. Adibidez, Egintza areto futbol taldeko partidu ofizial asko ezin izan dira Olaederrako kantxan jokatu. Beraz, argi dago kantxako lurzoruak ez duela bere helburua betetzen eta oztopo handia suposatzen duela kiroldegiaren funtzionamendu normal baterako. Beraz, udal gobernuak kantxako lurzorua eraberritu beharra zegoela ondorioztatu zuen eta horretarako proiektu bat egitea enkargatu zion kirol kantxak egiten esperientzia handia duten eta aditu ezagunak diren Ineqsport S.L. enpresa gipuzkoarrari.
 
Egurrezko kantxa ezartzea erabaki da
 
Ineqsport enpresako adituek hainbat aukera jarri zituzten mahai gainean baina kiroldegian bertan egindako azterketan oinarrituta, egurrezko kantxa ezartzea gomendatu zioten Udalari. Izan ere, egurrezko pista ezartzeak abantaila ugari ditu pista sintetiko bat ezartzearekin alderatuta; egurrezko lurra iraunkorragoa da, garantia urte gehiago ditu, mantenua erraza da, goi mailako kirola egiteko (areto futbola, saskibaloia..) ziurtagiria eskaintzen du eta gainera ekonomikoki ez da garestiagoa. Beraz, Udalak adituen gomendioei jarraitzea erabaki zuen eta egurrezko pista ezartzeko proiketua egitea erabaki zuen.
 
 
Aurrekontua:136.059,96 euro (BEZ barne).
 
Aurrekontu hau ere, esleipenen prozesurako dago ezarrita, beraz litekeena da azken aurrekontua txikiagoa izatea.


AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!