Udalaren eskaerari erantzunez, Tolosa-Donostia herriz herriko autobusen murrizketa bertan behera utziko du Aldundiak

Tolosatik Donostiara herriz herri autobus zerbitzuaren (BU07 linea) maiztasuna, berriro ere, ordu erdirokoa izango da irailetik aurrera.

Uztailaren 1ean sartu zen indarrean Lurraldebusen ordutegi berria. Eta, besteak beste, Tolosatik Donostiara herriz herri doan zerbitzuaren maiztasuna 30 minuturo izatetik, 60 minuturo izatera murriztu da, Gipuzkoako Foru Aldundiak horrela erabakita. Zerbitzu honen erabiltzaileen kezka eta ezinegona ikusita, Udala aste honetan bertan bildu da Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun eta Lurralde Antolaketako arduradun politiko eta teknikoekin.
 
Gauzak horrela, asteazkenean Xabat Laborde, Amasa-Villabonako alkateordea eta Gorka Murua, Irurako alkatea (Buruntzaldeko beste hainbat alkate eta udal ordezkarierekin batera) Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun eta Lurralde Antolaketako arduraduna den Rafaela Romerori Lurraldebuseko erabiltzaileen haserrea eta ezinegona helarazi zioten. Era berean, eskaera argia jarri zuten mahai gainean: autobus zerbitzu hori, 60 minuturo izan beharrean, 30 minuturo izatea, uztailaren 1era arte zegoen moduan.
Aldundiak eskaera ulertu, eta, irailetik aurrera, zerbitzuaren maiztasuna lehengora bueltatzeko konpromisoa hartu zuen udal ordezkarien aurrean.
 
Amasa-Villabonako Udalak bilera horren emaitza oso positibotzat jo du, eta Gipuzkoako Foru Aldundiari hartutako konpromisoa beteko duela espero du. Izan ere, autobus garraio publioa bultzatu nahi bada, autobus zerbitzuen maiztasunetan murrizketak egiteak ez zuen inolako zentzurik.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!