Amasa-Villabonako Udalak urriaren 8ko itzalaldi masibo eta kazerola-jotzearekin bat egiten du

Erabiltzailearen aurpegia
Argindarraren prezioaren etengabeko igoera salatzeko, eta Deskonektatu elektriketatik! lemapean, itzalaldi elektriko masiboa deitu dute urriaren 8rako, 22:00etatik 22:30etara. Itzalaldia ez ezik, kazerola jotzea ere deitu dute.
Bada, EH Bildu alderdiak erakunde adierazpena aurkeztu du “energia bezalako funtsezko ondasun baten kontura aberastea” helburu duten enpresak salatzeko. Era berean, “Espainiako Estatuarekiko dugun menpekotasun energetikoa eta politikoa oztopo argi” bat dela eta “gure herriak burujabetza energetikoa ez izateak oso garesti ateratzen” zaigula azpimarratzen da adierazpenean.
 
Hori horrela, adierazpenean jasotakoaren arabera, Amasa-Villabonako Udalak honakoa adierazten du:
 
1. Espainiar estatuko enpresa elektrikoak argindarraren prezioarekin egiten ari direna, iruzur larria dela salatzen du.
 
2. Euskal Herriak burujabetza energetikoa behar du, espainiar estatuan ezarritako oligopolioa apurtuko duten sistema propioak behar ditugu, sistema bidezkoak publikotik eraikitzeko eta argindarra oinarrizko ondasun eta eskubide gisa errespetatzeko.
 
3. Eusko Jaurlaritza interpelatzen dugu, arlo honetan lankidetza publiko komunitarioa, deszentralizatua eta kontrol publikoa bermatuko dituen neurri zehatzak har ditzala presazko izaerarekin.
 
4. Amasa-Villabonako Udalak datorren urriaren 8an, 22:00tatik 22:30etara deitutako itzalaldi masibo eta kazerola-jotzeko deialdiarekin bat egiten du.
 
Irailaren 28an izandako ohiko osoko bilkuran onartu zen EH Bilduk aurkeztutako erakunde adierazpena, alderdi horren aldeko 7 botuekin, eta EAJ-PNV eta PSEko ordezkariaren aurkako bozkekin.

Erakunde Adierazpena osorik


AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!