Kontsumo bonoen kanpaina amaituta, balorazio positiboa egiten dugu

Amasa-Villabonako Udalak eta Oria merkatarien elkarteak elkarlanean garatutako herriko saltokietarako kontsumo bonoen kanpaina bere amaierara iritsi da eta kanpainak emandako emaitzak edo izandako eragina baloratzeko unea da orain.

Zifra nagusiak
 
Guztira herritarrek 10 euroko 8.847 bono eskuratu eta erabili dituzte herriko denda edo saltokietan. Ondorioz, kontsumo bonoen bidez, 88.470 euroko diru-sarrerak banatu dira kanpainan parte hartzea erabaki zuten 47 saltokien artean.
 
Saltoki bakoitzean erabili den bono kopurua aldakorra izan da; 11 saltokik beren bono guztiak (345 bono) agortzea lortu duten bitartean, beste 14 saltokitan 100 bono baina gutxiago erabili dira.
 
Balorazioa
 
Zalantzarik gabe lehen balorazio orokorra positiboa da, kanpainak harrera ona izan du bai herritarren artean eta baita merkatarien artean ere. Ez dago zalantzarik horrelako kanpainak eraginkorrak direla eta bultzada bat (handiagoa edo txikiagoa) ematen diela parte hartzen duten saltokiei.
 
Hala ere ezin da aipatu gabe utzi, tamalez bono asko erabili gabe geratu direla. Guztira 16.200 bono jarri ziren herritarren eskura eta horietatik 8.847 erabili dira, erdia baina zertxobait gehiago. Ondorioz, udalak kanpaina honetarako ezarritako 60.000 euroko funtsetik, errealitatean 35.490 euro erabili dira. Zifra horien aurrean antolatzaile gisa autokritika egitea dagokigu, hurrengo kanpainarako hobetu beharrekoaz jabetzeko eta etorkizunean hobekuntzak ezartzeko bokazioarekin.
 
Kanpaina amaieran saltokietako arduradunen artean osatutako inkestako erantzunak kontuan hartuz, agian bonoak saltzeko epea gehiago luzatu, edo salmenta orokorra amaitutakoan bonoak dendetan saltzeko aukera eskaini zitekeen. Bonoak erosteko eskubidea soilik Amasa-Villabonan erroldatuek izateak ere eragina izan du, baina argitu nahi dugu Aiztondo bailarako beste udalek (Asteasu eta Zizurkilgo udalek) eskatuta hartu zela erabaki hori. Emaitza ikusita, agian pertsona bakoitzak eros zitzakeen bono kopurua ere handiagoa izan zitekeen.
 
Amaitzeko, Udalak 2022. urtean herriko merkataritza sustatzen jarraitzeko eta gutxienez kontsumo bonoen kanpaina berri bat garatzeko konpromisoa hartzen du. Baina era berean, garrantzitsuena herritarrak gure herriko denda eta saltokietan erosteak duen garrantziaz jabetzea dela uste dugu, eta gabon garaian egiten diren erosketa bereziak herrian bertan egiteko gonbidapena egiten dugu.


AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!