Fleming Herri Eskola eta Erniobea BHI kokatzen diren Arratzaingo eskola eremuan txoko berri bat sortu da ikasleen erabilerarako. Patioko frontoiaren atzealdean, naturgune eder bat eraiki da, lehen inolako aprobetxamendurik ematen ez zitzaion eremu batean. Lehen sasi eta sastrakak zeuden lekuan, orain mahaiak, eskailerak eta lasai egoteko berdegune bat dago.
Proiektu hau Amasa-Villabonako udalak finantzatu du eta guztira 6.234,61 euroko inbertsioa egin du. Lan hauek gauzatzeko (garbiketa, desbrozea, mahaiak jartzea, eskailerak eraikitzea eta itxiturak jartzea) udalak Ganboa Lan S.L. enpresa gipuzkoarra kontratatu du.