Martxoko kultur egitaraua, Amasa-Villabonan

Amasa-Villabonako Udaleko Kultura sailak martxoko kultur egitaraua argitaratu du.

Dagoeneko sarrera agortu badira ere, martxoaren 11n, Porrotx eta Marimototsen emanaldiarekin hasiko da hilabete honetako kultura eskaintza.
Porrotx eta Marimototsek opari bat egingo diote Amasa-Villabonako haurrei, Zorionak Marimotots! ikuskizuenean bertan. Horrela, intxaurrondo landare bat jasoko du Iraitz Lizarraga aktoreak, haur guztien izenean, eta hurrengo egunean, martxoaren 12an, Erreboteko plazatik abiatuta, Seaska haurreskolaren atzealdeko belazera joango dira kalejiran, zuhaitza toki horretan landatzera.
 
Villabona.dok dokumental zikloaren baitan Tipularen sehaska kanta dokumentala ikusteko aukera ere egongo da, martxoaren 17an. Gainera, Lander  Garro zuzendaria ere bertan izango da, pelikula aurkezteko eta ondoren solasaldi txiki bat egiteko.
 
Geuretik sortuak kultur egitasmoaren harira sortutako Bidaide helduen antzerki saioa izango da martxoaren 25ean.  Herrietako erraldoien iruditeriatik modu poetikoan abiatuta, handia eta txikia izatearen arteko aldeaz, herrietako kulturgileen ikusezintasun hautazkoaz edo ez hautazkoaz, kultura bizitzeko moduez mintzo da Bidaide antzezlana.
 
Oinkari dantza taldeak, Dantzari eguna ospatuko du martxoaren 26an. Arroako plazatik abiatuko den kalejirarekin emango diote hasiera eta Erreboteko plazan izango den dantza emanaldiarekin amaituko dute.
 
Martxoaren 27a Antzerkiaren Nazioarteko eguna izanik, hainbat sari jaso dituen Cabezas de cartel emanaldi berezia izango dugu Gurea antzokian.
 
Bestetik, haur zein helduentzat ohiko zine emanaldiak eskainiko dira Gurea zinean.
 
Emanaldi guztietarako sarrerak www.villabona.euswebgunean eskuratu daitezke.
 
Aipatutakoaz gain, Sahrijai kultur elkarteak kontzertu berri bat antolatu du martxoaren 4rako. Occhi di Farfalla eta Leihotikan musika taldeak izango dira Villabonako Aljibean.
Kontzerturako sarrerak salgai daude Basajaun liburu dendan, eta Errota txiki eta Rainbow tabernetan, 5 euroan. Egunean bertan erosiz gero, 8 euro. 
 
 
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!