Udalak bere jabetzako etxebizitza bat eskaini du Ukrainako errefuxiatuentzat

Amasa-Villabonako udalak Oriamendi auzoan duen udal jabetzako etxebizitza eskaini du Ukrainako gerratik ihes egin duten errefuxiatuek erabili ahal izateko. 

Errusiak Ukraina militarki eraso zuenetik ehunka mila pertsonak ihes egin dute herrialde hartatik Europar Batasuneko hainbat estatuetara, eta udaleko Gizarte Zerbitzuen sailarekin adostasunez, udal gobernuak gizarte larrialdietarako duen etxebizitza eskaintzea erabaki du.


Eusko Jaurlaritzak, EUDELek (EAEko udalen elkarteak) eta Migrazio, Gizarteratze eta Gizarte Segurantza Ministerioak, udalei eskuragarri dituzten harrera espazioen berri emateko eskaintza egin zien pasa den astean eta Amasa-Villabonako udalak eskaintza ofiziala egin du gaur. Etxebizitza horretan 4 pertsonako familia batentzat lekua dago eta bizitza duin bat garatzeko baliabide guztiak ditu. Datozen egunetan jakingo da etxebizitza horretara ukrainar familiarik bideratuko den edo ez. Errefuxiatuak etortzen badira, udaleko Gizarte Zerbitzuen saila eta herriko boluntarioek osatzen duten Elkartasun Sarea beharrezko laguntza guztia eskaintzeko prest daude.


Honekin, udalak  bere eskuetan duen elkartasun ekarpena egin nahi izan du, egoera humanitario larria bizi duten milaka errefuxiatuei laguntza xume bat eskainiz.  

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!