Udalak lankidetza hitzarmen berriak sinatu ditu kirol elkarteekin

Udaleko Kirol sailak hitzarmen berriak sinatu ditu herriko eta eskualdeko hainbat kirol elkarteekin. Horrela, eragile hauekin lankidetza harremanak sustatu eta sendotzen jarraitu nahi du udalak, elkarte bakoitzak bere urteko jarduerak aurrera ateratzeko beharrezkoak dituzten dirulaguntzak izango dituztelarik.

Kirol sailetik, Amasa-Villabonan jarduten duten kirol elkarte edo klub guztiek egiten duten lana balorean jarri nahi da, izan ere, herriko haur eta gazteen artean kirol ezberdinak praktikatzea sustatzea da udaleko sail honen helburu nagusietako bat eta horretarako ezinbestekoa da elkarteek egiten duten kirol ezberdinen eskaintza. Azpimarratzekoa eta pozgarria da azken urteetan nesken kirolak izan duen gorakada nabarmena eta zentzu horretan herriko hainbat elkartek egin dituzten aurrera pausuak aitortu nahi ditu udalak.
 
Bestalde, aipatu behar da aurtengoan hiru dirulaguntza berezi izango direla alde batetik, urteurren ospakizun bereziak izango dituzten Behar-Zana (75. urteurrena) eta Xake Joku elkarteak (50. urteurrena) dirulaguntza gehigarriak izango dituzte urteurrenetako ospakizunak antolatu ahal izateko, eta bestalde, aurten Euskotren ligan (mailarik gorenean) lehiatuko diren Tolosaldeko Arraun Klubeko neskentzat traineru berria erosi behar izan da, eta Amasa-Villabonako udalak 3.000 euroko ekarpen berezia egin du ez-ohiko erosketa hau finantzatzeko. 
 
Udalak bihotzez zoriondu nahi ditu Behar Zana eta Xake Joku elkarteak, marka handia baita hurrenez-hurren 75 eta 50 urte betetzea. Honek erakusten du belaunaldi ezberdinek izan duten konpromisoa eta eman den transmisioak ondo funtzionatu duela. Bi kirol elkarte hauek erreferentzia bat dira Amasa-Villabonan eta baita Gipuzkoan ere, zorionak eta bejondeizuela!
 
Elkarte bakoitzak jasoko duen dirulaguntzaren zenbatekoa:
 
  • Multiekintzak Eskola Kirola elkartea: 27.000 euro
  • Behar Zana pelota elkartea: 16.000 euro
  • Billabona FKE: 15.270 euro
  • Aiztondo Klasika txirrindulari laisterketa: 8.000 euro
  • Behar Zana 75. urteurrena: 7.000 euro
  • C.D. Futbol sala Egintza Billabona: 5.050 euro
  • Villabona MIX Triatloi kluba: 5.000 euro
  • Amasako Martina elkartea: 5.000 euro
  • Aizkardi mendizale elkartea: 4.800 euro
  • Xake joku (+50. urtemuga): 4.000 euro
  • Irrintzi txirrindulari elkartea: 4.000 euro
  • Danok Danena halterofilia taldea: 3.265 euro
  • Tolosaldeko Arraun Kluba (TAK): 3.000 euro
  • Tolosaldeko Arraun Klubeko neskentzat traineru berria erosteko: 3.000 euro
  • Danena txirrindulari elkartea: 1.800 euro
  • Tolosaldea IKT (igeriketa): 1.800 euro
  • Loatzo tiro elkartea: 1.200 euro
  • Zakur Zaunka top elkartea: 950 euro
Gaur gaurkoz 2022. urterako ia lankidetza hitzarmen guztiak sinatuta daude, soilik Villabona MIX triatloi kluba, Irritzi txirrindularitza elkartea, Tolosaldea IKT eta Loatzo tiro elkartea falta dira hitzarmena sinatzeko. Udaleko Kirol sailak, falta diren hitzarmen hauek hilabete honetan bertan (maiatzean) sinatzeko asmoa adierazi du.


AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!