Euskara sustatzeko dirulaguntzak onartu dira

Erabiltzailearen aurpegia Amasa-Villabonako Udala 2022ko eka. 1a, 12:39
Udaleko Euskara sailetik eskualdeko euskarazko hedabideei eta euskararen normalizazioan ekarpen azpimarragarria egiten duten hainbat elkarteri bideratutako dirulaguntzak onartu ditu Tokiko Gobernu Batzordeak. Dirulaguntza hauek aho batez onartu dira, alderdi politiko guztien adostasunarekin. Guztira 65.625 euroko dirulaguntzak bideratuko dira.
Udalak euskararen normalizazioa sustatu eta bultzatzeko konpromiso irmoa du eta zentzu horretan euskarazko hedabideek garrantzi handia dute, horregatik Tolosaldeko Ataria, Aiurri eta 28 Kanala bezalako komunikazio taldeek beren jarduna garatu ahal izateko dirulaguntzak ematen jarraituko du Euskara sailak.
 
Bestalde, euskalgintzaren gizarte alorrean lan egiten duten eragileei ere bultzada bat ematea garrantzitsua da. Euskaraz bizitzearen aldeko herri-gogoa elikatu eta jendartean euskararen aldeko sentsibilizazioan sakontzeko, ezinbestekoa da euskalgintza antolatua indartsu egotea. Zentzu horretan azpimarratzekoa da azken urteetan Galtzaundi Euskara Taldeak garatu duen eskualdetze prozesua. Gaur gaurkoz, Galtzaundik Tolosaldean, Aiztondon eta Amasa-Villabonan lan-talde antolatuak ditu gizarte mailan lanean ari direnak eta Amasa-Villabonako "Euskaran Ados!" mahaiean ere modu aktiboan parte hartzen dute. Hau albiste pozgarria da, izan ere udalarentzat ezinbestekoa da herritarren artean euskararen aldeko dinamika eta egitasmoak martxan izatea eta Galtzaundi ekarpen handia egiten ari da norabide horretan. Horrekin batera, Udalak Euskal Herri osoko euskalgintzaren bilgune nagusia den Kontseiluari eta herri mugimendu euskaltzalean erreferentea den Euskaltzale Euskaldunon Elkarteari ere dirulaguntza bana bideratuko die aurte ere.
 
Ipar Euskal Herrian eta Nafarroa Garaian euskaraz ikasteko ezinbestekoak diren Ikastolei ere dirulaguntza bideratuko zaie. Horrela, Herri Urrats eta Nafarroa Oinez ikastolen festak laguntzea erabaki du udaleko Tokiko Gobernu Batzarrak. Zoritxarrez, Euskal Herriko lurralde horietako hezkuntza sistema publikoek ez dute ikasleen euskalduntzea bermatzen eta euskaraz ikasteko edota azterketak euskaraz egiteko eskubidea errespetatzen. Egoera hori aldatzen ez den bitartean, ikastolen elkarteak betetzen du hutsune hori eta horregatik diruz laguntzen die udalak. Horregatik, Lapurdi, Baxe Nafarroa, Zuberoa eta Nafarroako lurralde osoko hezkuntza sistema publikoetan euskarazko murgiltze ereduak martxan jartzea eskatzen die Udalak Frantziar Errepublikako eta Nafarroako Gobernuari. Bada garaia euskarari mugarik ez jartzeko eta euskararen herrian euskaldunon hizkuntza eskubide guztiak errespetatzeko. 
 
Honakoak dira Euskara sailetik bideratzeko onartu diren dirulaguntzak:
 
  • Tolosaldeko Komunikazio Taldea S.M.(Ataria) 26.775 €
  • Erroitz Baltzu Mugatua (Aiurri hedabideak): 17.850 € *
  • Tolosako Komunikabideak S.L. (28 Kanala) 6.000 €
  • Galtzaundi Euskara Taldea 9.000 €
  • Nafarroa Oinez Fundazioa 2.000 €
  • Herri Urrats Elkartea 2.000 €
  • Euskalgintzaren Kontseilua 1.500 €
  • Euskaltzale Euskaldunon Elkartea 500 €
* Aiurri hedabideen dirulaguntza ez da oraindik onartua izan, baina ekaineko Tokiko Gobernu Batzordean onartuko da.



AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!