Aurkeztu da 2022ko Santio jaien egitaraua

Erabiltzailearen aurpegia
Erreboteko plazan aurkeztu da aurtengo Santio jaien egitaraua. Beatriz Unzue alkateak eta Joxean Kubero kultur teknikaria arduratu dira egitarauaren aurkezpena egiteaz eta Garazi Bengoetxea kultura zinegotzia ere bertan izan da. Hauekin batera, Jai Batzordeko kideak eta jaietan ekintzak antolatzen dituzten elkarte eta eragileetako ordezkari ugari bildu dira, jaiak era kolektibo eta herrikoian antolatzen direla agerian utziz.
Lehenik Beatriz Unzue alkateak hartu du hitza: "Gaur hemen, Santio jaien epizentroa den Erreboteko plazan bildu gara 2022ko jai egitaraua publikoki aurkezteko. Bagenuen gogoa momentu hau iristeko, bi urtetako etenaldia oso luzea egin zaigu guztioi eta.
 
Lehenik eta behin, udalaren izenean eskerrak eman nahi dizkiet Santio Jai Batzordean parte hartu duten elkarte eta herritar guztiei. Eskerrik asko urtetik-urtera jaien egitarauaren gehiengoa osatzen duten ekintzak antolatzeagatik eta ekintza horiek aurrera eramateko boluntario gisa egiten duzuen lan guztiagatik. Elkarte eta herritar guzti horiek egiten duten ekarpenari esker, Villabonako Santioak jai herrikoi eta parte hartzaileak direla esan dezakegu harrotasunez. Aupa zuek!".
 
Jarraian Joxean Kubero kultur teknikariak aurtengo egitarauaren aurkezpen labur bat egin du, batez ere aurten izango diren berrikuntza nagusien berri eman duelarik.
Aurkezpena amaitu ondoren, Beatriz Unzuek hainbat aipamen egin nahi izan ditu: "Jaiei hasiera emango dien Txupinazoa, Villabonako Osasun Etxeko eta Santio Egoitzako langileek jaurtitzea erabaki zuen Jai batzordeak. Modu honetan pandemiari lehen lerroan aurre egiten, langile hauek egindako esfortzu izugarria aitortu eta txalotuko ditugu. Eskerrik asko eta bejondeizuela!
 
Aurten lehen aldiz, Santio jaien aurrekontua publiko egitea erabaki dugu, jaiak antolatu ahal izateko egingo diren gastuen zerrenda egitarauaren liburuxkan argitaratuz. Funtsezkoa iruditzen zaigu arlo guztietan Udalak gardentasunez jokatzea, diru publikoa zertarako erabiltzen den argi azalduz, ezer ezkutatu gabe. Aurtengo jaien aurrekontua aurreikusi genuena baina handiagoa izango dela aitortu behar dut, 35.000 euro inguruan igo behar izan baitugu aurrekontua. Igoera hau neurri handi batean azken hilabeteetako inflazio handiak eragin du.
 
Bestalde, oso garrantzitsua iruditzen zait aurten lehen aldiz Udalaren eta herriko Lurgatz eta Akain talde feministen artean adostu eta martxan jarri den eraso matxisten aurkako protokoloa ere. Eskerrak eman nahi dizkiet mugimendu feminista osatzen duten neska eta emakumeei, erakutsi duten ardura eta determinazioagatik. Herri gisa, ozen eta argi diogu: Baiezkorik gabe, ezezkoa da. Ez dugu inolako eraso matxistarik onartuko eta gure indar guztiekin egingo diegu aurre.
 
Horrez gain, aipatu nahi nuke aurtengo jaietako zapiak egin eta saltzeko ardura Amasa-Villabonako Elkartasun Sareak izango duela. Herritarrei dei egiten diet zapia erosi eta jaietan lepoan jarrita eraman dezaten. Horrela, Elkartasun Sareak pobrezia egoeran dauden herritarrei laguntzeko urte osoan egiten duen lanari bultzadatxo bat emango diogu.
Bukatzeko, jaietan gozatzea eta ondo pasatzea opa dizuet guztiei. Dibertitu gaitezen, lagunartean barre egin dezagun, alaitasunez eta umore onez. Denok merezi dugu eta!"

Egitaraua deskargatu

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!