Santioak 2022

Eraso matxistek zapuztutako jai jendetsu eta parte hartzaileak

Erabiltzailearen aurpegia Amasa-Villabonako Udala 2022ko abu. 1a, 14:00

Aurtengo santio jaien balorazioa guztiz baldintzatuta dago jaietan izandako eraso matxistak direla medio. Beraz, zoritxarrez balorazio hau ezin da positiboa izan. Udalak eta herriko Mugimendu feministak osatutako eraso matxistei aurre egiteko protokoloa behin baino gehiagotan aktibatu behar izan dugu, eta hori zen nahi ez genuena.

Lehenik eta behin, erasoak pairatu dituzten neska eta emakumeak izan nahi ditugu gogoan, guztiek gure elkartasun eta babes osoa dute, eta udala bere eskuetan dagoen guztia egiteko prest dago biktimei modu aktiboan laguntzeko.

Udaletik balorean jarri nahi dugu eraso matxista hauen aurrean herriak emandako erantzun irmoa. Lehen momentutik, herritarrek elkarlana eta elkartasuna erakutsi dute eta atzo Erreboteko plaza jendez gainezka egoteak, hemen herri duin bat dagoela erakusten du. Jaietako parranda testuingurua baliatuz, neskak, emakumeak edota LGTBI+ komunitateko petsonak jazartzera, egin nahi ez dutena egitera behartzera, erasotzera edota bortxatzera datozenek, herriaren mespretxuzko harresi sendo batekin egingo dute topo, ez dute gure artean lekurik, eta legearen zein justiziaren zama astuna jasatea merezi dute soilik.

Zentzu horretan, eskerrak eman nahi dizkiegu herriko talde feministetan antolatuta dauden emakume eta neskei. Protokoloan jasotakoa behar bezala eta zorrotz bete da eta udalarekin izandako koordinazioa eta elkarlana oso egokia izan da. Eskerrik asko.

Hau esanda, aurtengo jaien balorazioa egiterakoan ez litzateke bidezkoa izango Santio jaietan bizi izandako beste guztiaz ahaztea. Izan ere, une batez eraso matxisten lakra alde batera utzita, ziur gaude aurtengo jaiek momentu eder ugari utzi dizkigutela billabonatarroi. Jaietan era guztietako ekintzak antolatzen dituzten herriko elkarte eta eragileetako jendearen lanari esker, jai herrikoi, alai, parte hartzaile eta jendetsuak izan ditugu, arrakasta izan duten ekimen ugarirekin.

Kirolari dagokionez, halterofilia, xakea, krosak, pilota, errebotea, bola tiraldiak, futbitoa, zumba edota Cycling-arekin gozatzeko aukera izan dugu. Haur eta gaztetxoen gozamenerako Besamotza konpartsako erraldoi, ipotx eta buruhandiak, haur parkea, marrazki lehiaketa, barrakak edota ur parkea izan ditugu. Nobedade arrakastatsu gisa Etxeondo Fest, Rocioaren konpartsa edo Txumo txapelketa aipatu ditzakegu. Tradizioei eutsiz, sokamuturra, dianak, txitulariak, soka dantza, abesbatzak, dantzaldiak edo berbenak ere presente izan dira. Gazte egun jendetsua, kontzertu potenteak, Etxeondoko kuadrilen bazkaria eta ondorengo kalejira, Santioetan Kantari kantujira, erromeri eguna.... ere, herritar askok disfrutatu dituzten ekintza ederrak izan dira. Hau guztia desitxuratu duten eraso matxistek, ez diezagutela Santio jai hauetan, lagunartean edota familiarekin bizi izandako momentu alai eta ederrak ahaztera eraman.

Amaitzeko, Udalak argi utzi nahi du honakoa jaien lehen balorazio orokor bat besterik ez dela. Izan ere, balio duen balorazioa Santio Jai batzordeak egingo du datorren irailean. Jai Batzordeari dagokio behar den patxadarekin 2022ko Santioen balorazio sakona egitea eta ahal bada datozen urteetako jaiak hobetzeko irakaspenak ateratzea.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!