Udala Fleming herri eskolaren Arroako eraikinaren fatxada margotzen ari da

Amasa-Villabonako udalak herriko eskola publikoaren azpiegiturak hobetzeko urteko inbertsio planarekin aurrera egiten jarraitzen du, eta egun hauetan Fleming herri eskolak Arroa auzoan duen eraikinaren fatxada txukundu eta margotzeko lanak burutzen ari da.

Inbertsio berri hau ere, udal gobernuaren eta Fleming herri eskolako zuzendaritzaren artean adostutakoa da eta Arroako eskolako eraikinaren egoera hobetzea du helburu.
 
Margoketa lanak bi astetan burutzea aurreikusten da eta ondorioz abuztu amaierarako amaituta egongo lirateke. Horrela, eraikinaren kanpoaldea margotu berria izanik hasiko da 2022-23 ikasturte berria.
 
Udalak, Amasa-Villabonako SANZ Margoak enpresa kontratatu du margoketa lan hauek gauzatzeko eta guztira 16.837,15 euroko inbertsioa egitea aurreikusten da. Azpimarratu behar da udalak eskola publikoen azpiegiturak hobetzeko Eusko Jaurlaritzak eskaintzen duen "Udalaguntza" izeneko dirulaguntza lortu duela, kostuaren %60a Jaurlaritzak finantzatuko duelarik (guztira 10.102,29 euro).  



AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!