Udalak, Urzain taldearekin duen kontratuaren baitan, herriko ibaiak, errekak eta naturguneak garbitzen jarraitzen du hilabetero aste betez. Horrela, azken hiru hilabeteotan, guztira 1.093 kg hondakin erretiratu ditu Amasa-Villabonako hainbat bazterretatik; uztailean 375 kg, abuztuan 292 kg, eta irailean 426 kg, hain zuzen ere.
Batez ere, Oria ibaiaren ertzak garbitu dira udako hilabete hauetan: Azketa errekatik Ubillots errekaraino, Irurako mugatik Agaraitz industrialderaino, eta Antzibarko presa inguruak. Horietaz gain, Komizar eta Lasturgo naturguneetan, Aranerrekan, eta Ubegungo zonaldean topatutako hondakinak ere jaso dira.
Jorratutako eremu hauetan mota guztietako hondakinak topatu dira: latak, musukoak, eraikuntza hondakinak, gurpilak… deigarria da ia 400 lata eta 4.000 toallita baino gehiago jaso izana.
Hilabetero egiten den bezala, Tolosaldeko Mankomunitateak dituen bi garbiguneetan utzi aurretik, jasotako material guztia zegokion edukinontzietan sailkatu eta behar bezala kudeatu da.
Garbitutako eremuen hilabeteroko zaintza eta kontrola egiten bada ere, Udalak gizalegez jokatzeko eta sortzen diren hondakinak dagokion bezala sailkatu eta kudeatzeko deia luzatu nahi die herritarrei. Guztion ardura da gure herria, eremu naturalak, ibaiak eta oro har ingurumena zaintzea.