Beraz, aurtengoan Amasa-Villabonako udalbatzak adierazpen bateratua argitaratu eta gizarteratu du. Adierazpen honen bidez, besteak beste, udalak bat egiten du Aiztondoko Mugimendu Feministak gaur arratsaldean antolatutako mobilizazioarekin eta indarkeria matxistari aurre egiteko herri mailako protokolo berria osatzen hasteko konpromisoa hartzen du.
Honakoa da Erakunde Adierazpena hitzez-hitz:
Azaroaren 25a
Indarkeria matxisten aurkako Nazioarteko Eguna
ERAKUNDE ADIERAZPENA
2003tik aurrera, emakumeonganako indarkeriari buruzko datuak jasotzen hasi zirenetik, 115 emakume eta 11 haur erailak izan dira Euskal Herrian. Zenbaki onartezin honen atzean izenak eta izanak daude. Erauzitako bizi proiektuak. Bereziki memorian gorde nahi ditugu, 2022an zehar erail dituzten Sara Pina Ieregi, Felisa S. P. eta Maria Luisa Larrañaga.
Urte honetan ere bereziki aipatu nahiko genuke, jai giroan emandako erasoen gorakada eta bereziki sustantzia kimikorik gabeko ziztaden bidez egindakoak. Antolatutako emakumeonganako gorroto baten erakusle dira beldurra eta kontrola bilatzen duten eraso hauek. Hala ere, eraso bakoitzaren aurrean, hauek salatu dituen Mugimendu Feminista saretu bat atera da kalera. Isiltasunak normalizazioa dakarrelako, onarpena. Eta aspaldi esan genuen ez gaudela egoera hau gehiago onartzeko prest.
Urte luze hauetako lana izan da Indarkeria matxistari maskara kentzea. Ez da lau zororen kontua. Sistema patriarkal sendo baten ondorioa baizik. Indarkeria matxistei buruz egindako makro-inkestak datu larria mahai-gaineratu zuen: bi emakumetik batek indarkeria matxista pairatu du bere bizitzan zehar.
Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan Berdintasun Legearen erreforma egin da pasa den ikasturtean, indarkeria matxistaren kontzeptualizazio irekiago bat ekarri duena. Espainiar estatuan ere, Askatasun sexualen legea onartu da. Urte luzeetan mugimendu feministak mahai gaineratutako hausnarketak eta eskaerak kokatu dira lege testu hauetan, hala nola abusuaren eta erasoaren arteko banaketarekin amaitzea; indarkeria matxista bikote eremutik at eta hainbat alorretan ematen dela ikustaraztea; indarkeria digitalak, instituzionalak eta obstetrikoak izendatzea; sexu erasoak atenditzeko krisi zentroak eraikitzea; eta abar luze bat. Orain, hitzetatik ekintzetara pasatzeko garaia da. Garrantzitsua da marko bat ezarriko duten legeak berriztea edo sortzea, are gehiago mugimendu feministak eskatutako norabidean egiten denean, baina hauek ez dute ezertarako balio, garapenerako aurrekontu eta baliabide teknikoak ezartzen ez badira.
Azaroak 25 hau beraz, indarkeria matxistaren alderdi desberdinak identifikatzen jarraitzeko eguna izango da, jendartean normalizatuen dauden sotilenetatik hasita, hala nola ukitzeak; ahozko lizunkeriak; mezu eta adierazpen sexistak; janzkera, jendarte-sareen erabilera edo lagunartea kontrolatzea, eremu publikoa askatasunez okupatzeko zailtasunak; edota emakume eta gizonen arteko berdintasuna zuzenean erasotzen dituzten administrazio-erabakiak. Bigarren estadio batean, sexu-erasoak eta eraso fisikoak egongo lirateke, eta, esparrurik bortitzenean, erailketak.
Urte honetan gainera, atzerakada ekonomikoaren mamua haizatzen ari den honetan, inoiz baina ozenago aldarrikatu behar ditugu politika eta zerbitzu publikoak. Berdintasunaren norabidean kokatu edo indarkeria matxistari aurre egiteko baliabideak ere oinarrizko beharrizan bezala identifikatzen ditugu. Dauden baliabide eta proposamen egokiak babestu edo berriak sortzeko momentu aproposa da hau ere. Jendarte hau osatzen dugun guztiok konpromiso hori hartu behar dugu. Eta batez ere erakunde publikoetan gaudenok.
Gutariko bakoitzari dagokigu egoera hori aldatzea, eguneroko zereginetan hasiz, gure inguru hurbilenean jardunez. Eta gure kasuan, erakunde-eremutik jardunez, horretarako beharrezkoak diren baliabide tekniko, ekonomiko eta politikoak aktibatuz, berdintasun-unitateak sustatuz eta haiei laguntza eskainiz, berdintasun-teknikarien kontratazioa bultzatuz, edota emakumeen parte-hartzerako guneak sustatuz (emakumeen etxeak eta txokoak, ahalduntze-eskolak, jai parekideak eta abar). Gure herri eta hirietan bermatuta ez dauden heinean, exijitzen jarraituko dugu.
Oso argi dugu indarkeria matxistari aurre egin ahal izateko ezinbestekoa dela berdintasun-politikei beharrezko giza baliabide eta baliabide tekniko eta ekonomikoak ematea, eta ildo horretan, uste dugu ikuspegi feministarekin lan egin behar dugula, egunero eta eremu guztietan. Krisiak ez du aitzakia izan behar arazo larri eta kolektibo honi aurre egiteko beharrezkoak diren aurrekontuen murrizketa edo izoztea justifikatzeko.
Eta horregatik Amasa-Villabonako Udalbatzak honakoa adierazten du:
• Kontzientziazio-, sentsibilizazio-, prestakuntza- eta erreparazio-lana sustatzen jarraituko duela, indarkeria matxistak desagerrarazteko bidean aurrera egiteko.
• Indarkeria matxistaren aurre egiteko herriko alderdi politiko eta eragile ezberdinekin batera urte osorako baliagarria izango den erantzun protokolo propioa lantzeko eta sortzeko konpromisoa hartzen duela.
• Amasa-Villabonako udalean berdintasun saila sortzeko eta berdintasun teknikari bat kontratatzeko helburuarekin pausuak emateko konpromisoa hartzen duela.
• Jai giroan ematen diren erasoei erantzuteko eta hauek prebenitzeko 2022ko uztailean sortutako protokoloa berrikusi eta berritzeko konpromisoa hartzen duela, udaleko alderdi politikoekin, Mugimendu Feministarekin eta Jai Batzordearekin elkarlanean.
• Indarkeria matxista jasan duten emakumeen erreparazio eskubidearen alde guztiak (tartean, egiaren hedapena, kalte-ordainketa, akonpainamendu soziala edo ez errepikatzeko bermea) lantzeko programa iraunkorrak, eta osasun egoerari egokitutakoak, martxan jartzeko dei egiten du, besteren artean arlo ezberdinei zuzendutako protokoloak, memoria historikoa berreskuratzea, omenaldiak, jardunaldiak, tailerrak, ikerketak, zineforumak, bisibilizazio ekimenak... jasoz.
• Azaroaren 25ean, eguerdian Udalak indarkeria matxistaren aurkako ekintza sinboliko bat antolatuko duela herriko ikastetxeekin, Seaska haur eskolarekin, Santiago egoitzarekin eta Helduen Hezkuntza taldekoekin elkarlanean. Ekimen horretan indarkeria matxistaren aurkako sinboloak diren tximeletak eskegiko dira udaletxeko eraikinean.
• Aiztondoko eta Amasa-Villabonako Mugimendu Feministak antolatuko dituen mobilizazioetan parte hartzeko deia egiten du.
Amasa-Villabonan, 2022ko azaroaren 25ean