Euskararen eguneko festa egunarekin hasiko da abenduko kultur egitaraua Amasa-Villabonan, herriko Euskaraldia Batzordeak abenduaren 3rako antolatu duen festa egunarekin, hain zuzen ere. Herri bazkaria, euskarazko kantuen bingoa eta Andoni Ollokiegiren kontzertua izango dira Berdura plazan.
Eresargi eta Eresargi Gazte herriko abesbatzen eguberrietako emanaldiekin egingo du aurrea abenduak. Hilaren 11n, Amasako San Martin elizan, eta abenduaren 18an, Villabonako Jesusen Bihotza elizan, herriko abeslari finen ahotsekin gozatzeko aukera izango dugu.
Abenduaren 11n, Gurea antzokian, besteak beste, Ainhoa Aierbe, Mikel Laskurain edota Aitziber Garmendia bezalako aktore ospetsuak izango ditu oholtza gainean Familia sarekada antzezlana aurkezten. Eta, Villabona.dok egitasmoak Zure platerean hasten da mundua, agroekologiaren inguruko dokumentala aurkeztuko digu, abenduaren 15ean.
Gabonak ate joka ditugunaren beste seinalea izango da The spolem girls abeslarien musika emanaldia. Taldeak Gabon ikuskizuna saioa eskainiko du abenduaren 16an, Gurea antzokian.
Bestetik, abenduaren 20an, 18:00etatik aurrera, Gurea antzokian, herriko eta bailarako gaztetxoek musikari trebeak direla erakutsiko digute Loatzo musika eskolaren eguberrietako emanaldian. Horretaz gain, Tartaloren bisita ere izango dugu Amasa-Villabonan; Tartalo, gaztaren sekretua haur antzerkia izango baita abenduaren 23an, Gurea antzokian.
Baina, ezin ditugu ahaztu abenduko protagonistak. Olentzero eta Mari Domingi kalejiran ibiliko dira herriko kaleetan barrena. Abenduaren 24an, goizeko 11:30ean egin dute hitzordua Errebote plazan. Arratsaldeko 18:00etan, aldiz, Olentzero, Mari Domingi eta basoko pertsonaiak Etxeondora iritsiko dira eta herrian zehar ibiliko dira kalejiran.
Olentzaroaren basoa, Zunbeltz elkartearen eskutik
Beste behin, Olentzaroaren basoa ibilbidea antolatu du Zunbeltz elkarteak. Aurten, abenduaren 17an izango da, 19:30ean Etxeondotik hasi eta Aranerrekan zehar. Ibilbidea egiteko aurrez izena eman behar da. Horretarako hitzordua gaur bertan izango da, abenduak 1, osteguna, 16:30etatik 19:00etara Zunbeltz elkartera (Altzin auzoa) joanda. 2013-2020 urte bitartean jaiotako haurrek eman dezakete izena.
Urteari amaiera bikaina emateko, Sahrijai elkarteak, Aljibe gauak egitasmoaren baitan, Mikel Moreno eta Beira musikarien kontzertuak antolatu ditu abenduaren 30erako Aljibean.
Aipatutako kultur programazioaz gain, haur eta helduentzako zinema eta dokumental aukera zabala izango dugu Gurea antzokian.
Amasa-Villabonako abenduko kultur programazio osoa HEMEN deskargatu dezakezu.
Sarrera behar duten emanaldietarako gunea HEMEN