Urtarrilaren 10ean hasiko dira Kale Berriko ur hoditeria berritzeko lanak

Datorren urtarrilaren 10etik aurrera Kale Berrian ur hornidura eta saneamendu sarearen berrikuntza eta espaloiaren zein kaleko argiteriaren eraberritze lanak hasiko dira.

Lan horien lehen fasean, Kale Berria 15 eta 29 zenbakien artean egingo dira lanak (Iru Aldeta eta Seaska Haur Eskolaren artean). Bai errepidean eta baita espaloian ere, zulo edo lubakiak zabaldu beharko dira eta horrek sortuko ditu traba edo oztopo gehien.
 
Obra honen bidez, momentu honetan oso zaharkitua dagoen Kale Berriko ur hoditeria (bai edateko uraren horniduraren eta baita ur zikinen hoditeria ere) guztiz eraberrituko da, euri urak eta ur zikinak bereiztuko dira, espaloi osoa berreraiki eta eraberrituko da eta kaleko argiteria berrituko da. Horrela, Kale Berriko alde hori egun dagoena baina askoz hobeto geratzea aurreikusten da. Gainera, errepidea berriro asfaltatuko da, errepidearen egoera ere nabarmen hobetuko delarik.
 
Trafikoaren desbideraketa Altzin kaletik 
Lan hauek martxan dauden bitartean Kale Berriko errepidearen (GI-4752) erreietako bat guztiz okupatu beharko da eta ondorioz, Donostiarako noranzkoan doazen ibilgailuak Altzin kale aldera desbideratu beharko dira.
 
Obraren datu teknikoak
Lan hauen sustatzaileak Gipuzkoako Urak eta Villabonako Udala dira eta eraikuntza enpresa Urbycolan S.L. izango da. Obra honek guztira, 366.337,19 euro +BEZ-eko aurrekontua du eta iraupenari dagokionez, lanek gehienez 18 asteko iraupena izatea aurreikusten da. Eraikuntza enpresak udalari ziurtatu dio, Euskal Herriko Itzulia txirrindulari proba bertatik pasatuko den egunerako (2023ko apirilaren 4rako) errepidea libre eta asfaltatua egongo dela.
 
Udalaren gomendioak
Amasa-Villabonako udalak obra honek batez ere herri barruko trafikoan sortuko dituen traben aurrean pazientzia eskatu nahi die herritarrei, eta momentu bakoitzean obrako langileek edota Udaltzaingoak emango dituzten abisu eta argibideei kasu egitea eskatzen du. Villabonatik, Andoain edo Donostia aldera autoz joateko garaian, ahal den neurrian Kale Berritik ez igarotzen saiatzea gomendatzen da (eliza ondoko edo Burni Zubiko irteerak erabiliz). Aldez aurretik, barkatu eragozpenak.


AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!