Urtarrilaren 9an hasiko dira Olaederra kiroldegiko teilatua eraberritzeko lanak

Udaleko Hirigintza sailak jakinarazi duenez, datorren urtarrilaren 9an hasiko dira Olaederra Kiroldegiko kantxa gaineko teilatua guztiz eraberritzeko lanak. Proiektu honen bidez, gaur egungo teilatuak dituen arazo larriekin amaituko da eta estalki berria ezarriko da.

Gaur egungo kiroldegiko teilatuak dituen hiruki formako egiturek eta metakrilatozko xaflek arazo ugari sortzen dituzte: pitzadurak, itoginak, negutegi efektuagatik tenperatura altuak, haizearekin xaflak altxa eta lurrera erortzeko arriskua, etab. Horregatik mantenu lan handia behar izaten da, kostu ekonomiko altuarekin.
 
Honen aurrean, udal gobernu taldeak arazo guzti horiei irtenbide integral bat ematea erabaki zuen, pasa den uztailean teilatua guztiz eraberritzeko proiektua onartuz. Horrela, egungo teilatua guztiz ezabatuko da eta estalki berria eraikiko da. Estalki berriak argia sartzeko 36 klaraboia eta isolamendu termiko berezia izango ditu, uneoro kantxan argi natural nahikoa egon dadin eta tenperatura leunak egon daitezen. Gainera teilatu berriak etorkizunean eguzki energia lortzeko plaka fotovoltaikoak jartzea ahalbidetuko du.
 
Horrela, azken hilabeteetan obra zein eraikuntza enpresak egingo duen erabakitzeko aurrera eramandako esleipen publikoaren prozedura amaituta, Cubiertas y Pinturas HERGAR SL enpresak lortu du udalaren kontratazioa. Obra osoaren aurrekontua 344.749,32 eurokoa izango da eta gehienez 3 hilabeteko luzapena izango du. Udalak Gipuzkoako Foru Aldundiak kirol instalakuntzak eraberritzeko duen dirulaguntza lerrora aurkeztuko du proiektua eta dirulaguntza garrantzitsu bat eskuratzea aurreikusten du.
 
Azkenik aipatu behar da teilatuaren eraberritze lanak amaitu ondoren, udalak kirol kantxaren lurzorua ere eraberrituko duela. Lurzoru berria ezartzeko proiektua onartuta dago udalean eta laster hasiko da lan horren gauzatze lanak kontratatzeko esleipen prozesua. 
 
Beraz, esan daiteke 2023an Olaederra kiroldegiko kantxa nagusia guztiz eraberrituko dela, orain arte eremu horretan izandako arazoekin amaituz.  
 
Teilatuko obraren ondorioz, Olaederra Kiroldegiko kirol-kantxa nagusia itxita egon beharko da 3 hilabetez. Kirol kantxaren erabiltzaileei eragozpenak barkatzea eskatzen diegu.


AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!