Kultur ekitaldiz josita dator otsaila Amasa-Villabonara

Erabiltzailearen aurpegia Amasa-Villabonako Udala 2023ko urt. 31a, 13:37
Udaleko Kultura sailak Amasa-Villabonako otsaileko kultur programazioa kaleratu du.
Aljibe gauak estreinatuko du hilabeteko kultur programazioa, Sahrijai elkarteak Iheskide eta Larru beltzak musika taldeen kontzertuak antolatu baititu otsailaren 3rako, Villabonako Aljibean. 
 
Santa Ageda bezperarekin egingo du aurrera kultur programazioak. Eresargi abesbatza, aspaldiko ohiturari eutsiz, eta makilak eskuan dituela, herrian barrea ibiliko da lurra esnatu asmoz. Otsailaren 4an egin dute hitzordua, Santa Ageda bezperan, hain zuzen ere, Villabonako kultur etxean, 10:45ean. Abesbatzak herritar guztiak gonbidatu nahi ditu usadio zahar honetan parte hartzera. Abestera gerturatzekoak direnak, ordea, aurrez ensaiatzeko aukera izango dute, otsailaren 1ean, 20:00etan, Gurea antzokian.
 
Otsailaren 5ean, eta Gurea antzokian ere bai, Aurresku ligako B eta D sailetako dantzariek txapelketa jokatuko dute goizeko 11:00etan.
 
Otsailaren 11n izango den Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko egunaren harira, Bomshell, la historia de Hedy Lamarr dokumentala ikusteko aukera izango da otsailaren 9an, Gurea antzokian, 19:30ean. Villabona.dok ekimanaren barruan dago dokumental emanaldi hau.
 
Antzerkiak ere badu presentzia kultur programazioan. Otsailaren 12an helduei zuzendutako Hondamendia antzezlana taularatuko da arratsaldeko 19:30ean, Gurea antzokian. Etxeko txikienentzat, berriz, Tarzan haur antzerkia eskainiko da otsailaren 24an, 18:00etan, Gurea antzokian.
 
Tolosan ez ezik, Amasa-Villabonan ere inauteri giroa nagusituko da otsailaren 16an, izan ere, Fleming eta Zubimusu ikastetxeetako ikasleak kalejiran aterako dira 15:00etan. Ikastetxeen jaialdiaren ondoren, 17:00etan, doako film emanaldia izango da Gurean. 
 
Hilabeteari amaiera borobila emateko, Giussepe Verdiren Otello operaz gozatzeko aukera izango da otsailaren 28an, 20:00etan, Gurea antzokiko pantailan. 
 
Aipatutako kultur programazioaz gain, haur eta helduentzako zinema aukera zabala izango dugu Gurea antzokian.

Otsaileko kultur programazioa osorik
 
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!