Otsailaren 11 Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko eguna da, eta Amasa-Villabonako Udaleko Berdintasun sailak hainbat ekitaldi antolatu ditu emakumeek eta neskek zientzian, teknologian, ingeniaritzan edota matematikan duten garrantzia ikusarazteko eta egindako lana aitortzeko.
Udalak zientzian ere genero-berdintasuna sustatu nahi du, eta emakume eta neska gehiago bultzatu nahi ditu sektore horretan parte hartzera. Horrela, 2 ekimen antolatu ditu datozen egunetarako:
Ostegunean, otsailaren 9an, Bomshell, la historia de Hedy Lamarr dokumentalaren proiekzioa izango dugu Gurea antzokian, arratsaldeko 19:30ean, 3 euroren truke. Hedy Lamarr aktorea munduko emakumerik ederrenetarikoa izan zen 1.940ko hamarkadan. Hollywood klasikoko aktore mitikoa, ordea, asmatzaile handia ere izan zen; Laborategian ematen zituen gauak armadarentzako patenteak garatzen. Nazien aurkako borrokan armadari lagungarri izan zitzaion isilpeko komunikazio proiektu bat asmatzeraino iritsi zen Lamarr.
Ostiralean, hilaren 10ean, Lorena Fernandez Alvarez Informatikako ingeniariaren Pioneras. De la ciencia poética de Ada Lovelace a la vida de película de Hedy Lamarr hitzaldia izango dugu Subijana etxean, arratsaldeko 19:00etan. Fernandez, gainera, Pablo Garaizar eta Iñigo Maestrorekin batera, Nobel Run jokoaren sortzailea da; Mahai joko ludiko eta berritzaile honek zientzia arloko genero estereotipoak eta berdintasun ezak eraldatu nahi ditu. Hitzaldira bertaratzen direnen artean Nobel Run mahai jokoak zozketatuko dira.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!