Etxean geratzeko aitzakiarik ez Amasa-Villabonan

Hilabetero bezala, martxoa ere kultur ekitaldi desberdinez josita dator Amasa-Villabonara. 

Emakumeen Nazioarteko Egunak emango dio hasiera martxoko kultur programazioari, izan ere, martxoaren 7rako, Simone, la mujer del siglo zine emanaldia antolatu da Gurea antzokian. Sarrera doan izango da.

Gaztetxoentzat Go!azen 9.0 denboraldiaren kontzertua izango da Gurea antzokian hilaren 10ean.  Helduek, aldiz, Mierda de Ciudad antzezlanarekin gozatzeko aukera izango dute martxoaren 12an, Gurean ere bai.

Asisko Urmenetak berak argitaratu berri duen Amaiur! Libera State eleberri-grafikoa ez-ohiko manera batean aurkeztu du martxoaren 14an, Subijana etxean. 

Ahozkotasunaren Nazioarteko jaialdiaren baitan, Martha Escudero mexikarra eta Marta Alzate euskalduna bezalako ipuin kontalarien bisita izango da Aljibean martxoaren 18ko arratsaldean.

Oinkari dantza taldeak, Udalaren laguntzarekin, 2023 urte honetako Dantzari eguna antolatu du martxoaren 18rako. 11:30ean kalejirarekin emango diote hasiera egun handiari, eta 13:30ean dantza emanaldia eskainiko dute Erreboteko plazan.

Aurrera egin ahala, martxoaren 21ean, eta villabona.dok egitasmoaren baitan, Bidean jarraituz dokumentala izango da ikusgai Gurea antzokian.

Eta, martxoko hilabetea ondo amaitzeko, Anonyme Popular ikus-entzunezko bertso jarriekin gozatzeko aukera izango da Igor Elortza eta Rafa Ruedaren eskutik. 

Sahrijai elkarteak, Aljibea gauak egitasmoaren baitan, 2 kontzertu eskainiko ditu martxoan zehar; Bananas eta Mamu musika taldeen kontzertua martxoaren 3an, eta Toc eta Nize musikariena hilaren 31n. Biak Villabonako Aljibean

Aipatutako kultur programazioaz gain, haur eta helduentzako zinema aukera zabala eskainiko da Gurea antzokian.

Ikusi martxoko kultur programazioa

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!