Pinudia moztu, eta 5.150 haritz landatu dira Mendabietako mendi eremuan

Erabiltzailearen aurpegia Amasa-Villabonako Udala 2023ko api. 3a, 10:50

Lehen pinuz beteta zegoen sailean matarrasa egin, eta bertako basoa berreskuratzeko, 5.150 zuhaitz inguru landatu dira Mendabieta inguruan (Lasturko atsedenlekuaren gaikaldean). Besteak beste, biodibertsitatea babesteko eta klima aldaketari aurre egiteko egin da bertako haritzaren landaketa.

Honakoa Amasamendiko mendi publikoen kudeaketa iraunkorrerako Udal-Planaren baitan dagoen ekintza bat izan da, eta zonalde horretako berezko basoa berreskuratzeko helburua dauka. Guztira, 11 hektareako azalera duen sailean egin da landaketa, eta sartu diren zuhaitza berriak Quercus robur espeziekoak dira.

Basoek atmosferan dagoen karbono kopuruaren bikoitza gordetzen dute, eta gordailu horrek babestu egiten gaitu. Basorik eta zuhaitzik ez bagenu, karbono dioxido horren zati handi bat arnasten dugun airen geratuko litzateke, negutegi efektua areagotuz.

Hortaz, 5.150 haritz landatzeko ekimen honen bitartez zuhaitzen behar hori aldarrikatu nahi du Udalak. Bertako basoen garrantzia goraipatu, baso horiek klima aldaketaren kontra ezinbesteko aliatuak ditugulako.

Haritz horien hazkundea bermatzeko, babesak ezarri dira, animaliek zuhaitzak kaltetu ez ditzaten. Ekimen honi esker etorkizunean harizti eder eta natural batekin gozatzeko aukera izango dugu eremu horretan.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!