Abiatu da Amasa-Villabonako kontsumo bonoen kanpaina berria

Amasa-Villabonako Udalak herriko merkataritzaren aldeko apustua egiten jarraitzen du. Horregatik, Oria Merkatari elkartearekin lankidetzan, kontsumo bonoen kanpaina berri bat jarri du martxan ostiral honetan. Honakoa, udaletik antolatzen den kontsumo bonoen V. kanpaina da eta abenduaren 9ra arte luzatuko da.

Kanpaina berri honekin, herritarrek euren erosketak herriko merkataritzan egitea sustatzen jarraitu nahi du Udalak, sektorea biziberritzeko helburu argiarekin. Izan ere, tokiko saltoki horiek dira gure herriaren oinarri nagusietako bat. Herriko merkatariak dira gure izenez ezagutzen gaituztenak, kalitatezko produktuak eskaintzen dizkigutenak, eta gure herriaren aberastasunari eta aniztasunari ekarpen handia egiten diotenak.

Kanpaina berri honetarako Udalak 62.000 euroko inbertsioa egin du, eta guztira, 10 euroko 17.010 bono jarri ditu salgai, aurrez izena eman duten 45 saltokietan erabiltzeko.

Kanpaina honetan ere, bonoak saltokietan bertan erosi beharko dira. Establezimendu bakoitzak bere bono propioak izango ditu, eta dendaren izenarekin egongo dira identifikatuta. Beraz, erositako establezimendu horretan bakarrik erabili daitezke.

Bonoak hirunaka erosi behar dira, eta gehienez ere, 9 eskuratu daitezke denda bakoitzean. Erosle bakoitzak 3, 6 edo 9 bono erosi ditzake establezimenduko. Horrela, bonoak erosten dituenak 20 euro jarrita, 3 bono lortuko ditu (30 euro). 40 eurorekin 6 bono jasoko ditu (60 euro). Eta, aldiz, 60 eurorekin, 9 bono (90 euro). Amasa-Villabonako Udalak erosketa bono bakoitza %33an diruz lagunduko du.

Bonoak eskuratzeko baldintza bakarra 16 urte beteta edukitzea da, eta oraingoan ez da kontuan hartuko bezeroa zein herritakoa den.

Informazio hau guztia herritar guztiengana iritsi dadin, kanpaina honen xehetasunak azaltzen dituen eskuorria argitaratu du Udalak: ESKUORRIA

Amaitzeko, aipagarria da, bono hauek erosi eta erabiltzean, Amasa-Villabonaren etorkizunean eta herritarren ongizatean inbertitzen ari garela. Herri bizi-bizia nahi dugu, eta horregatik Udalak herritar guztiak animatu nahi ditu kanpaina berri honetan parte hartzera, eta batez ere, kanpaina amaitu ondoren ere, herrian bertan kontsumitzen jarraitzera.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!