Tabike mugikorrak Arroa auzoko Fleming Herri Eskolan
Hezkuntzaren behar aldakorretara egokitzeko, tabike mugikorrak jarri ditu Arroa auzoko Fleming Herri Eskolaren hiru gelatan. Hobekuntza berritzaile horri esker hezitzaileek bi gela batu edo banatzeko aukera izango dute, unean uneko premien arabera.
Irakaskuntzaren kalitaterako inbertsio horrek 30.312 euroko aurrekontua izan du, eta Goiatz S.L. eta Tabiexpert enpresak aritu dira lanean. Udalak Eusko Jaurlaritzaren “Udalaguntza 2022” dirulaguntza lerrora aurkeztu zuen proiektu hau, eta inbertsioaren %60ko jasoko du buetan.
Mugikortasun arazoak dituzten ikasleentzako komun egokitua
Otelarre auzoko Herri Eskolan inklusioa eta irisgarritasuna hobetzeko asmoz, eta mugikortasun arazoak dituzten ikasleengan pentsatuz, eraikinaren behe solairuko komun bat egokitu du Udalak.
Horrela, ikasleen aukera-berdintasuna bermatzeko, Udalak, 25.663 euroko inbertsioa egin du, eta Zumarpe Kudeaketak S.L. enpresak gauzatu ditu egokitzapen lanak. Dena den, kasu honetan ere bai, Eusko Jaurlaritzaren “Udalaguntza 2022” dirulaguntza lerroaren bidez, inbertsioaren %60 jasoko du bueltan Udalak.
Bi inbertsio hauek argi erakusten dute Amasa-Villabonako Udalak etengabeko ahalegina egiten duela herrian bertan kalitatezko hezkuntza publikoa eskaintzeko. Eskolako azpiegiturak hobetzea ezinbestekoa da egungo eta etorkizuneko belaunaldiei ikaskuntza-giro atsegina bermatu nahi badiegu.