Villabonako III. Azoka Ekologikoa hartuko du Erreboteko plazak larunbatean

Erabiltzailearen aurpegia Amasa-Villabonako Udala 2023ko urr. 26a, 14:22

Larunbatean, urriaren 28an, Udaleko Ingurumen Sailak antolatzen duen urteroko Azoka Ekologikoaren hirugarren edizioa izango dugu Villabonako Erreboteko plazan. Azoka honekin Udalak ingurumenarekiko praktika jasangarriak sustatu nahi ditu, eta bide batez, bertaratzen diren guztiei produktu eta jarduera ekologiko ugariz gozatzeko aukera eskaini.

Azoka Ekologikoak goizeko 10:00etan irekiko ditu postuak eta eguerdiko 14:00ak arte luzatuko da, tokiko eta garaiko produktu ekologiko ugari aurkeztuz eta praktika jasangarriei buruz ikasteko aukera eskainiz.

Ekoerrezetak zuzenean, Ane Agirre sukaldariaren eskutik
Azoka ekologikoaren puntu garrantzitsuenetariko bat ekoerrezeten erakusketa izango da, OSOACooking-eko Ane Agirre sukaldariaren eskutik. Eguerdiko 12:00etan, Agirrek "Ekoizpen duina kontsumo herrikoia" lelopean sukaldaritza erakusketa eskainiko du, eta osagai ekologikoekin prestatutako errezeta osasuntsuak partekatuko ditu bertaratutakoekin.

Azoka ekologikoan parte hartuko duten ekoizleak
• Bereziartua (Iurreta) – Barazkiak eta kremak
• Aldaba Zahar (Tolosa) - Ogia
• Pikunieta (Antzuola) - Ardi gazta
• Berbelar (Aia) - Behi gazta
• Bego Villar (Hernani) - Mermeladak eta kontserbak
• Aikur (Urretxu) - Eztia
• Gatz Museoa (Leintz Gatzaga) - Gatza
• Pasta Martinelli (Beriain) - Pasta
• Conservas Garavilla (Zamudio) - Arrain kontserbak
• Aitor Bastarrika (Zarautz) - Arropa
• Lurreko Aromáticas y Biodiversidad (Prejano) - Infusioak eta olio ondu ekologikoak
• Biolur (Bergara) – Informazio gunea

Azoka Ekologikoaren hirugarren edizio honekin produktu ekologikoen ekoizpena eta kontsumoa bultzatzeko interesa duten bisitariak erakarri nahi ditu Udalak, beraz, Amasa-Villabonako herritarrak zein jasangarritasunaren zaleak gonbidatu nahi ditu azoka ekologiko honetara, aukera paregabea izango baita komunitatearekin konektatzeko, kalitatezko produktu ekologikoak ezagutzeko eta modu jasangarrian sukaldatzen ikasteko. Ez galdu ekologiaren eta jasangarritasunaren munduan murgiltzeko aukera paregabe hau Villabonako Erreboteko Plazan!

Azoka ekologikoaren kartela 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!