Ekimen honen bidez, Amasa-Villabonako adinekoei herrian zehar ibilaldiak egiteko aukera eskainiko die Udalak astero, eta lehenengo hitzordua asteazken honetan bertan izango da, azaroak 8, goizeko 11:00etan, Erreboteko plazatik abiatuta. Ibilbidea amaitzean, salda beroaz gozatzeko aukera izango dute parte-hartzaileek Salbadora jubilatuen etxean.
Erniobea BHI eta Zubimusu Ikastolako DBHko ikasleek boluntario gisa parte hartuko dute asteroko ibilaldietan. Horrela, komunitate-giroa sustatzeaz gain, belaunaldi ezberdinak elkarrekin harremantzea eta elkarrengandik ikastea izango da helburua.
Ezaguna da jarduera fisikoak pertsona guztien osasun-egoeran onurak eragiten dituela. Adineko pertsonen kasuan, gainera, garrantzi handiagoa du. Horregatik, Ibilian programak Amasa-Villabonako adineko pertsonei lagunartean jarduera fisikoa egiteko aukera eman nahi die, eta astean behin, asteazkenetan, ordubeteko ibilaldiak egingo dituzte.
Programa honetan, Amasa-Villabonako Udalaz gain, Santiago egoitzak, Salbadora jubilatuen etxeak, Olaederra kiroldegiak, Zubimusu ikastolak, Erbiobea BHIk, Uliazpik, Matia fundazioak, Goxarak, Osakidetzak eta Eusko Jaurlaritzak parte hartzen dute.