"Argiantza" eleberriaren inguruko solasaldia izango da, bihar, Subijana etxean

Erabiltzailearen aurpegia Amasa-Villabonako Udala 2023ko aza. 6a, 12:10

Pello Lizarralderen Argiantza eleberriaren inguruko solasaldia izango da bihar, azaroak 7, Subijana etxean, 19:00etan. Idazleak berak eta Garbiñe Ubeda kazetariak gidatuko dute saioa.

Argiantza eleberriak 1982ko irailera eramango gaitu. Ramon Beitia hainbat zine aretoren ardura daraman gerentea da. Ikuskatze lanetan murgildu denean, ordea, irabaziak beheraka ari direla ohartu da. Aitarengandik negozioa jaso berri duen nagusi gazteak zenbakiak baino ez ditu buruan. Lotsa gutxi eta eskrupulu gutxiagoko nagusiari egoera gordina azaldu beharrean aurkituko da Beitia gerentea. Horrelaxe hasten da peripezia hau: nola zeuden herrietako aretoak eta zertan zebiltzan bertako langileak. Zalantzarik gabe, Gurea zinearen 75. urteurrenaren harira, eleberri honen gaiak aukera polita eskainiko digu herrietako zine-aretoei buruz hitz egiteko eta hausnartzeko.

Pello Lizarralde idazleak eta Garbiñe Ubeda kazetari eta idazleak liburuaren nondik norakoak emango dituzte. Dena den, liburua irakurri ez izana ez dadila solasaldira ez joateko aitzakia izan. Izan ere, eleberriaren nondik norakoez arituko zaizkigu Lizarralde eta Ubeda, eta dudarik gabe gogoa piztuko digute 80 orrialde inguru dituen nobelatxo hau irakurtzeko.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!