Otsaileko kultur programazioa aurkeztu du Udaleko Kultura sailak

Erabiltzailearen aurpegia Amasa-Villabonako Udala 2024ko urt. 31a, 11:50

Otsailean ere publikoak antzerkiarekin, musikarekin, erakusketekin, hitzaldiekin eta zinemarekin gozatzeko aukera izango du artista, talde eta konpainia ezagunen eskutik.  

Aljibe gauek emango diote hasiera Otsaileko kultur programazioari, izan ere, Periferia eta The Lio musika taldeen kontzertuak izango dira Aljibean, otsailaren 2an. 

Eresargi abesbatzak aspaldiko ohiturei eutsi eta santa eskean ateratzeko gonbitea luzatu die herritar guztiei. Horrela, Santa Ageda bezperan, otsailaren 4an, Villabonako Kultur Etxean egin dute hitzordua, goizeko 11:00etan. Bertatik abiatu, eta herriko kaleak alaituko dituzte kantuan.

Inauteriak ere ate jokatu ditugunez, Udalak, Fleming Herri Eskolak eta Zubimusu Ikastolak, Irrika Aisialdi Elkartearekin elkarlanean, inauteri desfilea antolatu du ostegun gizen arratsalderako. Aurtengo gaia Negua izango da, beraz, elurrezko panpinez, eskiatzailez… mozorrotu eta herriko kaleak girotuko dituzte txarangaz lagunduta. Hitzordua otsailaren 8an da, arratsaldeko 15:15etan, Erreboteko plazan.

villabona.dok egitasmoaren baitan, Domingo domingo dokumentala  ikusteko aukera egongo da otsailaren 20an. Bestetik, antzerkizaleek hilaren 25ean Toto antzezlana izango dute ikusgai otsailaren 25ean.

Eñaut Aiartzaguena marrazkilari iurretarrak Gure basoak izeneko komikia ondu du, Udalbiltzaren Geuretik sortuak programaren barruan Amasa-Villabonan egindako egonaldiaren ondorioz. Eñaut Amasa-Villabonan bezala, beste lau komikilarik egonaldiak egin dituzte beste lau herritan, eta bost komikiak liburu batean argitaratuko ditu Udalbiltzak. Komikien sortze-prozesuaren inguruko erakusketa egingo da otsailaren 26tik martxoaren 9ra, eta lehenengo egunean Eñaut Aiartzaguena bera etorriko da komikia eta erakusketa aurkeztera. 

Otsaileko kultur programazioa Iñaki Iurrebasoren Euskaren egoera gaur. Zer diote datuek? hitzaldiak itxiko du.  Asko edo gutxi erabiltzen ote da euskara dagoen ezagutzarako? Aurrera goaz ala atzera goaz euskararen indarberritze prozesuan? Galdera horiei eta tankerako beste batzuei erantzungo die Iñaki Iurrebaso soziolinguistak otsailaren 27ko hitzaldian. 

Aipatutako kultur programazioaz gain, haur eta helduentzako zine aukera zabala egongo da Gurea antzokian.

Otsaileko egitaraua osorik

Ekitaldietarako sarrerak HEMEN eskuratu daitezke.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!