Azken urteotan ohikoak bilakatu dira aldez aurretik jakinarazi gabeko aldiriko trenen atzerapenak, kantzelazioak, murrizketak… Geltoki askok ez dituzte irisgarritasun baldintzak betetzen, guztiz zaharkituak daude eta zaharberritze lanak behar beharrezkoak dituzte. Egoera honek eragin handia du Amasa-Villabonako herritarren gain, asko baitira egunero tren zerbitzu hauen erabiltzaileak direnak.
Hori horrela, EH Bilduko udal taldeak garraio publiko honetan hobekuntzak egitea eskatzen duen mozioa aurkeztu zuen, urtarrileko Udalbatzan eztabaidatu eta bozkatu zedin.
Mozioak, besteak beste honako eskaerak jasotzen du:
- Aldirikoen eta distantzia erdikoen tren-zerbitzua hobetzea, ezarrita dauden maiztasunak eta ordutegiak errespetatuz.
- Gipuzkoako zenbait puntutan egiten ari diren AHTaren lanek ahalik eta eragin txikiena izan dezatela tren zerbitzuetan.
- Espainiako Gobernuak Eusko Jaurlaritzaren esku utzi ditzala trenbide azpiegiturak.
- "Billabona-Zizurkil" geltokiak irisgarritasun baldintza minimoak ez dituela betetzen eta orokorrean geltokiak duen egora penagarria salatu, eta zaharberritze integrala gauzatu dadin eskatzea.
- Eusko Jaurlaritzak zerbitzu eta azpiegiturak transferitzeko eskaera egin diezaiola Espainiako Gobernuari, eta plangintza bat landu dezala tren zerbitzuak eta azpiegiturek dituzten arazoei irtenbidea emateko.
Mozio honek EH Bildu taldearen aldeko 7 boto, EAJ-PNVren 4 abstentzio eta PSE-EE alderdiaren aurkako botoarekin egin zuen aurrera.