Udalak Donostiako ospitalerako BU09 autobus zerbitzua hobetzeko eskaera egin dio Lurraldebusi

Zerbitzu honetan goizez izaten diren pilaketak direla medio, hainbat erabiltzaileren kexak izan dira eta Amasa-Villabonako Udalak zerbitzua indartzeko eskaera egin du, Tolosako Udalak egindako eskaerara batuz.

Beatriz Unzue alkateak eskaera gutun ofiziala bidali du Lurraldebus, Gipuzkoako Foru Aldundiaren herriarteko autobus garraio zerbitzu publikora. Gutun horretan BU09 Donostiako Ospitalera doan zuzeneko autobus zerbitzuan batez ere goizetan suertatzen diren erabiltzaile pilaketak azaltzen ditu eta honako eskaera egiten du Amasa-Villabonako alkateak: "bidaiarien segurtasuna eta zerbitzuaren kalitatea hobetzeko BU90 autobus zerbitzuaren egoera aztertzea eta goizeko ordu horietan dauden bidaiari guztientzako irtenbidea bilatzea eskatzen dugu".

Jarraian, beatriz Unzue alkateak honakoa gaineratzen du: "gure ustez, zerbitzu honek errefortzu bat behar luke (beste autobus bat) gutxienez jende gehien pilatzen den goizeko orduetan. Horrela, herritarrak derrigor zutik eta deseroso joatea saihestu daitekeela pentsatzen dugu, zerbitzu publiko garrantzitsu hau hobetuz eta duinduz".

Horrela, Amasa-Villabonako Udalak, duela aste batzuk Tolosako Udalak egindako eskaerarekin bat egin du.

Udalak Lurraldebus-era bidalitako GUTUNA

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!