Ordenantza berri honen bidez, herritarren artean sortzen diren bizikidetza arazoei irtenbidea eman nahi die Udalak. Horretarako, komunitatean elkarrekin bizitzeko arauak ezartzeaz gain, hauek betetzen direla zainduko du udaltzaingoak, beti ere, bakean, askatasunean eta eskubide eta betebehar berdintasunean garatu daitezen.
Bestalde, espazio publikoaren eta bertako elementuen erabilera txarra saihesteko oinarrizko arauak ere zehazten ditu ordenantza berri honek, guztiona den espazio publikoa baldintza egokietan mantentzen dela bermatzeko helburuarekin.
Ordenantzari alegazioak edo ekarpenak egiteko epea zabalduko da
Atzoko osoko bilkuran onartutako ordenantza berri hau indarrean sartu arte, ordea, zenbait pausu jarraitu behar dira. Lehenik eta behin, testu osoa Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean (GAOn) argitaratuko da datozen egunetan. Argitalpen horretatik aurrera 30 eguneko epea irekiko da edonork alegazioak egin ahal izateko.
- Alegazioak egiteko: idazkaritza@villabona.eus
Udalak aurkezten diren alegazio edo ekarpen guztiei erantzungo die banan-banan. Alegaziorik ez badago, ordenantza berriro argitaratuko da GAOn eta handik 15 lanegunetara indarrean sartuko da.
Udal gobernuaren balorazio positiboa
Amasa-Villabonako udal gobernu taldeak bere poza adierazi du ordenantza hau adostasun politiko osoarekin onartzea lortu delako. Izan ere, horrelako gaietan, herritarrei zuzenean eragingo dieten araudietan, garrantzitsua izaten da kontsentsu politikoa lortzea, arau berriak onarpen sozial sendoa izango duenaren bermea baita.
Udal gobernuko kideek ordenantza berri honek herrian errespetuzko elkarbizitza sanoa eraikitzeko ekarpena egingo duela baloratu dute.
Udal Ordenantza osorik:
Herritarren elkarbizitza eta bide publikoaren erabilera nahiz garbiketa arautzen duen udal ordenantza