Gaurtik aurrera enpresa berri batek egingo ditu herriko lorategien eta berdeguneen mantenu lanak

Udalerriko lorazaintza eta berdegune publikoen mantenu zerbitzua eskainiko duen enpresa hautatzeko Udalak azken hilabeteetan garatu duen esleipen-prozesua amaituta, gaurtik aurrera Elai Serbitzuak S.L. enpresak kudeatuko du zerbitzu hau Amasa-Villabonan. Alegia, aurrerantzean enpresa hau izango da herriko berdeguneak eta lorategiak mantentzeaz eta zaintzeaz arduratuko dena.

Esleipen-prozesuan irabazle irten ostean, Udalak urtean 204.038,86 euroko ekarpen ekonomikoa egingo dio Elai Serbitzuak S.L. enpresari herriko lorategiek eta naturguneek egoera onean jarrai dezaten. Kontratu berriak bi urteko iraupena izango du, eta beste urtebetez luzatzeko aukera eskaintzen du.

Elai Serbitzuak S.L.-k esperientzia zabala du herriguneetako lorategien eta berdeguneen zaintza eta mantentze lanetan. Izan ere, enpresa honek, besteak beste, Donostia, Urnieta, Lasarte-Oria, Zarautz, Hondarribia edo Elgoibarko Udalentzat lan egiten du une honetan bertan.

1992tik geroztik Iratze Lorazaintza S.L. enpresak kudeatu du lorezaintza zerbitzua Amasa-Villabonan, baina enpresa honek aurtengo esleipen-prozesu berrira ez aurkeztea erabaki du. Amasa-Villabonako lorategien mantentze-lanetan hiru hamarkada baino gehiago eman ditu Iratzek, eta zerbitzuaren kalitatearekin eta ingurumenaren zaintzarekin konpromiso handia erakutsi du.

Amasa-Villabonako Udalaren izenean Beatriz Unzue alkateak eskerrak eman nahi izan dizkio horrenbeste urtetan Udalarekin elkarlanean aritu den Iratze Lorazaintza S.L. enpresari, eta era berean, bere langileek urtez urte egindako lan bikaina goraipatu du: “Gure herriko lorategiak ederki zainduta egon dira eta kanpotik etorritako jende askori entzun diogu gure berdegune eta lorategiak koloretsuak eta oso politak direla. Horrek askotan harro sentiarazi gaitu eta Iratze eta bere langileak izan dira harrotasun horren erantzuleak. Eskerrik asko bihotz bihotzez”.

Orain Elai Serbitzuak S.L. enpresak hartuko du lekukoa eta enpresa aldaketa honekin gure berdegune eta lorategietan aldaketa handirik ez somatzea da Udalaren helburua.

Esleipen berri honekin, Udalak ingurugiroa zaintzearen aldeko apustua berresten du eta udalerriko lorategiak bizilagun guztientzako gozagarriak izaten jarraituko dutela bermatu nahi du.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!