Udal gobernu taldeak 2025eko aurrekontuaren balorazio oso positiboa egin du

Amasa-Villabonako udal gobernuan proposatutako aurrekontua gehiengo osoz onartu zen azaroaren 27ko Udalbatzaren osoko bilkuran, EH Bildu taldearen aldeko 8 bozkarekin eta oposizioko EAJ-PNV eta PSE alderdien 5 abstentziorekin.

Udal gobernuak honako balorazioa eta irakurketa politikoa argitaratu du gaur:

Beatriz Unzue alkateak zuzentzen duen EH Bilduren Udal gobernuak 2025. urterako aurrekontua osatu eta onartzeko garatutako prozesua modu baikor eta positiboan baloratu du. Aurrekontuaren analisi orokor bat eginda, datorren urteko aurrekontua orekatua, jasangarria, izaera sozial handikoa eta Amasa-Villabonak dituen beharretara ondo egokitua da.

Zentzu horretan, 2025erako onartu den aurrekontuaren zenbait ezaugarri azpimarratu nahi izan ditu Udal gobernu taldeak:

- Historian lehen aldiz Amasa-Villabonako Udalak 8 milioitik gorako aurrekontua izango du. Zehazki 8.204.488 eurokoa, 2024. urtekoa baino %4,7 handiagoa. Hau albiste positiboa da, Udalak erakunde publiko gisa izango duen eragiteko ahalmena handitzen delako.

- 2025ekoa inoizko udal aurrekonturik sozialena izango da, zalantzarik gabe. Datorren urtean Gizarte Zerbitzuen sailak 794.684,96 euroko aurrekontua izango du, sekula izan duen altuena. Datu esanguratsu bat azpimarratu nahi izan du Udal gobernuak: EH Bildu alkatetzan dagoenetik (2019tik) Gizarte Zerbitzuen aurrekontua %94,45an igo da. Alegia, gastu soziala ia bikoiztu egin da azken 5 urtetan (408.000tik, 794.000ra).
Hor ikusten da argi eta garbi udal gobernuaren lehentasunak non dauden: Amasa-Villabonan bizi diren pertsona guztien ongizatea da iparrorratza. Horretarako oso garrantzitsua da pertsona guztiei oinarrizko eskubideak eta bizi baldintzak duinak bermatzea, bizitzako esparru guztietan berdintasun erreala lortzea eta diskriminazio eta bazterkeriarik gabeko herria izateko lan egiten jarraitzea. Azken finean, herritarren duintasuna da udal gobernuaren politiken erdigunean dagoena. Horregatik ahalegin handia egin da, eta egiten jarraituko da gizarte politikak zabaldu eta indartzeko, politika feministetan sakontzeko eta zaintza arloan ditugun erronka handiei indarrez heltzeko.

- Alkatetzako gastuak murrizten jarraitzen du Udal gobernuak. EH Bilduko taldeak udal gobernuak zuzenean kudeatzen dituen partidak ia minimora murriztea erabaki du, udal aurrekontua helburu alderdikoietara bideratzeari muzin eginez. 2019tik %40an murriztu da alkatetzaren gastua, liberatutako ordezkari politikoen soldatetan izandako beherakada nabarmena kontuan hartu gabe. 2019an EAJ-PNVk osatutako azken udal aurrekontuan, alkatetzako gastuak aurrekontu osoaren %4,32a ziren. 2025ean berriz %2,03a izango dira.

- Udaleko sail garrantzitsuek aurrekontu igoera nabarmenak izango dituzte 2025ean eta Udal gobernuak honakoak azpimarratu ditu: Gizarte Zerbitzuetan %23,2ko igoera, Ingurumena eta mendietan %31,8koa, Hirigintza eta zerbitzuetan %16,6koa, Udaltzaingoan %53,4koa (batez ere animalien zerbitzua indartzeko eta etxeko animalien inguruan garatuko den kanpaina berezirako), Euskara sailean %6,2koa eta Kirolean %4,45ekoa.

- Dirulaguntzetan ere igoera aipagarriak izango dira datorren urtean. EH Bilduk gidatutako Udal gobernuak garrantzi handia ematen dio Amasa-Villabona herri bizi-bizia izateari eta horretarako ezinbestekoa da herrian dugun elkarte eta eragileen sare zabala mantentzea eta elkarte hauek egoera osasuntsuan egotea. Horregatik, Udalak herritarrengandik, behetik gora, herriko elkarteetatik sortzen diren egitasmoak eta ekintzak sustatzen jarraitzea funtsezkoa da. Dirulaguntza berriak ere izango dira 2025ean, adibidez: “Ekinart” herriko artisau elkarte berriarentzat edota etxebizitza hutsak eraberritzeko eta alokairu merkatura ateratzeko martxan jarriko diren Udal dirulaguntza berriak.

- 2025ean egitekoak diren inbertsioak erronka handia dira Udal gobernu taldearentzat eta urte emankorra eta oparoa izatea da helburua. 2025. urtea herrian eragin nabarmena izango duten hainbat inbertsio gauzatzeko urtea izango da, hauek dira horietako batzuk: Txermingo aparkaleku handia berrantolatu eta eraberritzea, Erreboteko plazan haurrentzako Ur Parkea egin eta herriko 3. komun publikoa jartzea, Udal Liburutegiaren handitzea eta eraberritze integrala, Kaleak garbitzeko makina berria erostea, Fleming herri eskolako instalakuntzak hobetzen jarraitzea, Olaederra Kiroldegian beharrezkoak diren erreformak egitea, Trantsizio energetikoan aurrera egiteko kiroldegiko teilatuan eguzki panelak jartzea, herriko espaloien egoera hobetzeko lanak egitea, errepideetan asfaltatze lanak gauzatzea, Oria ibaiko oinezkoen zubiko lurzorua aldatzea edota Txakurrentzako parke berriak sortzea.
Udal gobernuak garrantzi berezia aitortzen dio Amasako errepidea zabaldu eta espaloia eraikitzeko obrari. Proiektu hau 2025ean gutxienez gauzatzen hastea da Udal gobernuaren nahia eta zentzu horretan, Udalak Gipuzkoako Foru Aldundiarekin lortu duen akordioak aurrera egitea da helburua.
Aipatutako inbertsio hauek guztiak errealitate bilakatzea erronka handia izango da, baina Udal gobernu taldea bere eskuetan dagoen guztia egiteko prest dago horretarako. Beatriz Unzue alkateak azpimarratu duenez “maite dugun Amasa-Villabonaren etengabeko hobekuntza prozesuan aurrera urrats handiak lortzeko, gure onena emateko prest eta gogotsu gaude”.

- EH Bilduren gobernuak, udal aurrekontua onartzeko beharrezkoa den Udalbatzaren gehiengo osoa bere esku izan arren, oposizioko alderdiekin hitz egiteko eta negoziatzeko borondatea erakutsi du hasieratik, alderdikeriak alde batera utzi herriarentzat hoberena bilatuz. Herritarren ordezkariak diren neurrian, gobernuak dagokion errespetu eta begirunearekin jokatu du oposizioarekiko. Horrela, EAJ-PNV alderditik mahai gainean jarritako sei proposamenak interes handiz aztertu, eta modu batera edo bestera, horietako lau aurrekontuan txertatzea erabaki da. PSE-EE alderditik egindako proposamenak ordea ez dira onargarriak izan, euskara sailean murrizketa handiak proposatzen zirelako eta inbertsioetarako egindako proposamen bakarra, guztiz errealitatetik kanpo zegoelako.
Oposizioko alderdiek aurrekontu proposamenaren aurkako bozkarik eman ez izana da aipatutakoaren erakusgarria eta Beatriz Unzue buru duen Udal gobernu taldeak oso positiboki baloratzen du hori.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!