Duela 100 urte, 1924. urteko uztailean Olinpiar jokoak ospatu ziren Parisen (Frantzia) eta programazio ofizialaren baitan euskal pilota erakustaldia egin zuten eskuz, zesta-puntan eta larruzko paleta modalitateetan.
Jakina denez, lau urtetik behin ospatzen diren udako Olinpiar Jokoek munduko kirolaririk entzutetsuenak erakartzen dituzte eta 1896. urtean Atenasen (Grezia) Olinpiar Joko modernoak hasi zirenetik, 1924an Parisen izandakoak 8. edizioa izan ziren.
Euskal pilotari dagokionez, Olinpiadetako antolakuntzak espreski frontoi berri bat eraiki zuen Parisko la Porte de Billancourt eremuan. Euskal pilota txapelketetan soilik espainiar eta frantziar selekzioek lehiatu zuten eta ondorioz, zuzenean finalak jokatu ziren jendez leporaino bete zen Billancourt frontoian. Garaiko kronikek milaka ikusle bildu zirela kontatzen dute.
Sagarna, Santamaría eta Gárate billabonatarrek urrezko domina lortu zuten
Pilotari billabonatarrek 1924ko uztailaren 24an jokatu zen zesta puntako (Jai-Alai ere deitua) finalean parte hartu zuten espainiar selekzioa ordezkatuz. Aipagarria da, orain arraroa egiten bada ere, garai hartan zesta puntan hiru pilotarik osatutako taldeek jokatzen zutela, plaza librean eta 60 tantora. Final hartan Aquilino Sagarna, Benedicto Santamaria eta José Andres Garate billabonatarrek jokatu zuten eta aurkariak Frantziar selekzioa ordezkatu zuten Camino, Harizpe eta Magescas puntistak izan ziren.
Tamalez ezin izan dugu final hartako kronikarik topatu, baina ahozko transmisioaren arabera partida ikusgarria izan omen zen. Amaieran hirukote billabonatarrak lortu zuen garaipena 60-52 emaitzarekin, urrezko domina preziatua eskuratuz.
Ondorioz, orduz geroztik harrotasunez esan dezakegu, gure herriko kirolari hauek Olinpiadetako hiru urrezko domina ekarri zituztela Amasa-Villabonara. Zoritxarrez denboraren poderioz domina hauek desagertu egin dira eta momentuz ez dakigu gaur gaurkoz existitzen direnik ere.
Jose Andres Garate (Villabona, 1907 – San Diego, AEB, 1995) familia pilotazale batean sortutako puntista ezaguna izan zen. 17 urterekin parte hartu zuen 1924ko Olinpiar Jokoetan, eta Txinako, Kubako eta AEBetako frontoietan ibili zen profesional gisa jokatzen.
Benedicto Santamariak (Villabona, 1904-1969) berriz, 20 urte zituen Parisen urrezko domina irabazi zuenean. Ondoren Ameriketan egin zuen ibilbidea pilotari profesional gisa, berriro Euskal Herrira itzuli zen arte.
Aquilino Sagarnari buruzko informazio gutxiago dugu, baina 1955. urtean Villabonako Udalak egindako omenaldiaren ondoren, berak idatzitako esker gutuna Udal artxiboan dago.
1924ko Olinpiadetako programan, Joko garbi erakustaldiak Ipar Euskal Herrian
Jakin izan denez, Olinpiar Jokoen programaren barruan ez ziren Parisko hiru finalak soilik jokatu. Dirudienez, Joko garbiko partidak ere jokatu ziren 1924an Ipar Euskal Herrian. Han ere beste billabonatar baten arrastoa topatu dugu: Adrian Berasategi Zabaleta (1910-1970) Joko garbi jokalariarena. Gazteentzako antolatutako erakustaldi batean parte hartu zuen, 14 urterekin.
Adrian Berasategiren alaba Asun Berasategik duela urte batzuk jakin zuen aitak orain ehun urteko Olinpiar Jokoetan parte hartu zuela. «Duela urte batzuk etxean domina bat topatu genuen, eta orduan jakin genuen guztia». Brontzezko domina bat da, Berasategiri Frantziako Gobernuko ministro batek emana.
Joko garbia pilota-joko zaharrenetariko bat da, eta Villabona da kirol hori mantentzen duen herri gutxietako bat. Horregatik, abenduaren 28ko jaialdi berezian protagonismoa emango zaio gure-gurea den pilota modalitate honi.