Kirol kantxaren eraberritzea gauzatzeko hainbat lan eta esku hartze gauzatu dira:
• Kirol kantxako estalkia edo teilatu berria
Lehen kantxak zuen teilatuak arazo ugari sortzen zituen eta erabat zaharkitua geratu zen. Beraz teilatua oso osorik aldatu behar izan da, guztira 36 argi-zulo dituen estalki berri bat eraikiz. Horrela, estalki berriarekin argi naturala asko baliatzen da eta ezarri den isolamendu termikoak kantxa barruko tenperaturak leundu ditu. Modu horretan kirola egiteko giro erosoagoa eta tenperatura leunagoak izango dira bertan. Hala ere, aipatu behar da obraren exekuzioan egindako hainbat akats direla medio, teilatuak arazo asko eman dituela ur filtrazioak eta itoginak direla medio. Hergar SL enpresa arduratu da lan horretaz, eta Udalak 423.851,27 euroko inbertsioa egin du.
• Kantxan egurrezko lurzoru berria
Kirol-pistako gainazala ere guztiz eraberritu da, eta homologatutako egurrezko lurzorua jarriz. SDI enpresa arduratu da lan hori gauzatzeaz, eta Udalak 161.656 euro bideratu ditu horretarako. Gainera, pistako marren margoketa-lanak hainbat kirol-diziplinatarako egokitu dira (saskibaloirako, areto-futbolerako eta boleibolerako, besteak beste).
• Argiztapen-sistema berria
Aurretik zeuden argi-foku alogeno zaharrak kendu, eta LED teknologiako argiztapen sistema berria instalatu da. Horrela, kantxaren argiztapena hobea izateaz gain, energia aurrezpen nabarmena izatea lortu da. Argi berri guzti horiek Indarbi SL enpresak eskuratu eta instalatu ditu Udalak, 45.666,63 euroko inbertsioa egin eta gero.
• Harmailetako eserleku berriak
Kirol kantxako ikusleentzako harmailetako eserlekuak egoera kaskarrean zeuden eta horiek erretiratu, eta urdin eta berde koloreko eserleku berriak ezarri dira. Horiek Kirol Aukera enpresan eskuratu ditu Udalak eta 10.376,23 euroko inbertsioa egin du. Eserlekuen azpiko euskarri metalikoak ere guztiz zaharkituak zeuden eta lixatu eta margotu egin dira guztiak. Lan hori Pinturas Sanz enpresak gauzatu du eta 3.135 euroko kostua eduki du.
• Ikusleentzako komunen eraberritzea
Harmailetako ikusleek erabiltzeko komunak ere berritu dira higiene eta irisgarritasun baldintzak hobetuz. Komunen eraberritzea Promociones Ermu 2002 S.L enpresak gauzatu du eta Udalak 22.420,09 euro inbertitu ditu.
• Beste hainbat hobekuntza
Besteak beste Teilatu azpiko egitura metalikoak txuriz margotu, kantxako pistak banatzeko erabiltzen diren lona erraldoiak eta saskibaloiko saskiak garbitu dira, eta kirol-material berria erosi da (boleibolean jokatzeko sare berriak etab.).
Aipatu bezala, gaur gaurkoz oraindik azken ukitu batzuk burutzea falta da Olaederra kiroldegiko kirol kantxaren eraberritzearekin guztiz amaitzeko. Besteak beste, areto futbolean jokatzeko ate edo porteria berriak erosiko dira, horman dauden publizitate euskarri zaharrak erretiratuko dira, teilatuko itoginekin behin betirako amaitzeko lanak egin behar dira etab.
Beraz, gaurkoa egun pozgarria da, azkenean datorren astelehenean urte luzez egoera onean mantenduko den kirol kantxa egoki eta txukun bat izango dugulako erabilgarri, herriko kiroldegian.
Bukatzeko, Udalak barkamena eskatu nahi die kirol kantxa hau erabiltzen duten herritarrei eta batez ere kirol elkarteei, eraberritze lan hauek pilatu duten atzerapenak sortu dizkien eragozpen guztiengatik. Benetan sentitzen du eta era berean, aurrerantzean kantxa berriarekin gozatu dezatela desio du.