Udala LED teknologiako argiteria publiko berria ezartzen ari da Villabonako erdigunean

Kale Berrian, Malkar Plazan eta Ama Lurra Plazan, guztira 47 argi-puntu berritzen ari da Udala egunotan, eta lehen zeuden argi alogeno zaharrak LED teknologiako argi berriekin ordezkatuko dira.

Argi berri hauek eraginkorragoak izatez gain, ingurumena errespetatzen laguntzen dute energia-kontsumoa nabarmen murriztuz, eta era berean zonalde horietako argiteria publikoaren kalitatea asko hobetuko da.

Luminaria berriak eskuratzeko 10.769 euroko inbertsioa egin du Udalak eta Sielco Equipos y Sistemas SLU enpresari erosi dio materiala. Instalazio lanak, aldiz, udal-brigadako langileak ari dira egiten egunotan.

Gainera, udal brigadako langileek Malkar plazan eta inguruan argiteriaren mantenu lanak egingo dituzte, farolen egitura metalikoak lixatu eta margotuz eta argiak babesteko plastikoak garbituz.

Ekimen honekin, Udalak herriko azpiegiturak modernizatzeko ahaleginarekin jarraitzen du ingurune jasangarriagoa eta eraginkorragoa sustatuz. Udalak jakinarazi du argiteria publikoari dagokionez, herriko argi guztiak LED teknologiara pasatzeko trantsizio prozesua oso aurreratuta dagoela, argi puntuen %85etik gora dagoeneko aldatu eta berritu baitira.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!