Historian zehar emakumeak ezinbestekoak izan dira aurkikuntza eta aurrerapen ugarietan, baina askotan hauen lana ikusezina izan da edo oharkabean igaro da. Beraz, otsailaren 11k emakume zientzialariek egindako ekarpenak balioan jarri, aitortu eta arlo zientifiko guztietan emakumeen parte-hartze aktiboa sustatu nahi du.
Gainera, Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Egun honen helburua ere bada neska gazteak karrera zientifikoak egitera animatzea. Estereotipoak eraitsi eta pertsona guztiek, generoa edozein dela ere, zientzian euren talentua garatzeko aukera berdinak izan ditzatela bermatzea.
Otsailaren 11 ospatzea, beraz, guztiontzako zientzia inklusiboagoa, anitzagoa eta bidezkoagoa lortzeko urratsa da.
Herriko emakume zientzialariak, oztopo guztien gainetik
Udalak eta Berdintasunean Ados! mahaiak zientzian lan egiten duten herriko lau emakumerekin hitz egin dute. Emakume hauek euren esperientziak partekatzeaz gain, urteetan gizonen presentzia nagusi izan den eremu batean nola nabarmendu diren azaldu dute.
Onintza, Alazne, Miriam eta Laurak zientziaren arloan dituzten erronkak eta lorpenak ezagutuko ditugu. Emakume hauen istorioak eredugarriak izan daitezke oraindik bide profesionala zein izango duten erabaki ez duten neska gazteentzat.