Lastur Parkean urmael bat sortzeko lanak abiatu dira aste honetan

Amasamendiko ekosistema eta biodibertsitatea aberasten lagunduko duen putzu edo urmael bat sortzeko lanak abiatu dira aste honetan bertan Lastur Parkean. Esku-hartze honek klima aldaketaren kontrako borrokan lagunduko du, baso suteen arriskua murriztuko du eta herritarrentzat aisialdirako gune eta aterpe klimatiko berri bat eskainiko du, besteak beste.

Dibulgaziorako eta ingurumen-hezkuntzarako tokia ere izango da Lastur Parkea, Eskoletako Urmaelen Sarea ekimenaren baitan hezkuntza zentroetako ikasleentzat proposatzen diren ekintzak ere gauzatuko baitira bertan. Hezegunearen ondoan, gainera, informazio panel bat jarriko da.

Zonaldeko bioaniztasuna areagotzeko esku-hartze hau 3 fasetan garatuko da: hasteko Lastur Parkearen egokitzapen lanak egingo dira, ondoren urmael didaktikoaren sorrera gauzatuko da, eta amaitzeko, babeslekuaren sorrera burutuko da. Guztira, 6 hilabeteko lana izango dela aurreikusten da.

Proiektu hau Udaleko Ingurumen saila eta Aranzadi Zientzia Elkartearen arteko elkarlanean garatzen ari da, eta Tolosaldeko Turismo Jasangarriko Planean aurreikusitako ekintzen parte da. Guztira, 12.030 euroko inbertsioa egingo da eta Europako Next Generation dirulaguntzei esker finantzatuko da.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!