Martxoaren 3an, Villabonako udalaren erregistro elektronikoan jaso zen proiektu honen bateragarritasun urbanistikoari buruzko informea egiteko eskaera. Bertan ikusi ahal izan dugu, Clúster Hernani izeneko proiektu zabalago baten barruan kokatzen direla bi haize sorgailuak.
Energia politika estatuaren konpetentzia da. Horren barruan Euskal Autonomia Erkidegoari eta kasu honetan Jaurlaritzari dagokio Ingurumen Inpaktuaren Adierazpena ebaztea, mota honetako proiektuen aurrean. Villabonako Udalak jarraipena egingo dio proiektu honi ingurumen arloko izapidetze gardena egin dadin eta Amasa-Villabonako herritarren interesak kontuan har daitezen.
PREMIER ESPF IPAZ HAIZEA 2, S.L. enpresa ez da harremanetan jarri Amasa-Villabonako udal ordezkariekin inongo momentutan. Hala ere, Amasa-Villabonako udal ordezkariok saiakera egingo dugu enpresarekin harremanetan jartzeko, gure herriaren interesak defendatzeko eta ingurumen baldintzen inguruko bermeak eskatzeko. Uste dugu Amasa-Villabonako herriak enpresa proiektu honen inguruko berriak lehen eskutik jaso behar dituela.
Amasa-Villabonako udalak, klima larrialdiaren aurrean, energia berriztagarrien aldeko apustua egiten du. Hori dela eta, hainbat proiektu eta ekimen eraman ditu aurrera azken urteetan: eraginkortasun altuko kaleko argiteriaren aldeko apustua, herriko eraikin publikoetan autohornikuntzarako panel fotovoltaikoen instalazioa edo energia berriztagarrien kontratazioa udal kontsumo elektrikoen hornikuntzarako.
Energia berriztagarriak, eta kasu honetan energia eolikoa, klima larrialdiari aurre egiteko beharrezkoa den energia trantsizioan, giltzarria dira. Horrela adierazi zuen Klima Aldaketaren Nazioarteko Panelak (IPCC), klima larrialdiari aurre egiteko nazioartean sortu den ekimen zientifiko nagusiak. Hau horrela izanik Jaurlaritzak zuzendu eta herritarren parte hartzea oinarri izan behar duen lurralde antolaketa baten beharra dugu, energia berriztagarrien zabalpen orekatu eta ordenatu bat egiteko. Energia berriztagarrien proiektuek lurraldearen energia beharrei erantzuteaz gain herritarren interesak kontuan hartu behar dituzte.
Amasa Villabonako udal gobernutik enpresa proiektu honen garapenaren berri gardentasun osoz emango dugu udaleko kanal ofizialen bidez, informazioa dugun neurrian. Era berean herritarren interesen defentsa egingo dugu.